argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza publikoko lehen greba egunaren “jarraipen zabala” nabarmendu dute sindikatuek
  • Hezkuntza publikoko lehen bi greba egunei ekin diete EAEn. Asteazken eta ostegun honetan irakasleen txanda da, eta lehenengo egunaren jarraipena %75etik gorakoa dela adierazi dute sindikatuek: "Grebak jarraipen zabala izan du". Eusko Jaurlaritzak berriz, jarraipena %48koa izan dela adierazi du.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko urtarrilaren 22a
Milaka langile atera dira kalera, "Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!" lelopean. Steilas

Joan den ostiralean, Hezkuntza Sailak email masiboa bidali zien seme-alabak eskola publikoan dituzten gurasoei. Deituta dauden greba egunek gurasoengan sor dezaketen kezka ulertzen dutela eta hezitzaileen lan-baldintzak hobetzeko “ahalegin sendoa” egiten urteak daramatzatela dio Jaurlaritzaren gutunak: “Soldaten hobekuntza, uztartze-neurriak, ratioen eta eskola-orduen murrizketa eta langileen egonkortasun- eta gaztetze-planak dira akordio esanguratsuak lortzeko gure borondatearen erakusgarri”. Hezkuntza Sailaren hitzetan, “zaila da grebarako deialdia ulertzea negoziazioak zabalik dauden une honetan. Akordioak eskura daude”.

Halako gutun masiborik inoiz bidali gabea zen Hezkuntza Saila, eta erasotzat hartu dute LAB, Steilas, ELA eta CCOO mobilizazioen deitzaileek: “Propaganda egiteko, familiak irakasleon kontra jartzeko eta grebak baldintzatzeko” helburuz posta pertsonalak erabiltzea "oso larria" dela iritzi diote sindikatuek.

Negoziazioak zabalik egonda grebak deitzearen inguruan, sindikatuek erantzun diote Jaurlaritzarekin duten mahai negoziatzaileetan ez dagoela edukirik eta “negoziaketa itxura emateko eta bere burua justifikatzeko” baino ez dituela erabiltzen bilerak.

Hain justu, asteazken honetan Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Herri Irratian egin duen elkarrizketan berriz ere nabarmendu du ez duela egoki ikusten negoziazio betean sindikatuek grebak deitzea. Saila elkarrizketarako zabalik dagoela eta mahai gainean proposamenak daudela adierazi du.

Lan hitzarmenak eta baldintzak hobetzeko

Kontuak kontu, hamabi eguneko greba zikloari hasiera eman diote hezkuntza publikoan. Irakasleak daude deituta asteazken eta ostegunean, baita otsailaren 26-27an ere. Haurreskolak Partzuergoko langileak urtarrilaren 28-29an eta otsailaren 12-13an daude grebara deituta, eta sukalde eta garbiketakoak berriz, urtarrilaren 30-31 eta otsailaren 19-20an.

Lan hitzarmenak aspaldikoak direla eta akordioak berritu behar direla aldarrikatu dute langileek. Irakasleen lan hitzarmena 2010ekoa da eta gainerakoena 2009tik ez da eguneratu. Besteak beste, eskatzen dute arintzea lan zama eta gehiegizko burokratizazioa (artikulu honetan kontatu genuenez), lantaldeak gaztetzeko planak adostea, erosahalmena berreskuratzea, behin-behinekotasuna txikitu eta lanpostuak egonkortzea, baliabide gehiago jartzea (hala nola hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei erantzun ahal izateko) eta ratioak txikitzea.

Azpimarratzekoa da sukalde eta garbiketako langileen egoera. Baldintza prekarioenak eta soldata txikienak dituen sektore feminizatuena dela gogoratu dute sindikatuek: “Ezinbestekoa da ratioak jaistea eta garbitu beharreko metroak gutxiago izatea”.

Manifestazioak

Asteazken goiz honetan egin dute lehenengo manifestazioa, Bilbon. Milaka langile atera dira kalera, Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita! lelopean.  Ostegunean, EAEko hiru hiriburuetan ekin diete manifestazioei, 11:30ean: Gasteizen, Bilbo plazatik Foru enparantzara; Donostian, Bulebarretik hasi eta bertan bukatuko da; eta Bilbon, Gran Via 85etik Arriaga plazara.

Nafarroan ere, protestak

Foru erkidegoan ere ez da giro eta hezkuntza publikoko irakasleak grebara daude deituta, urtarrilaren 30ean. Hain justu, Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek agerraldia egin dute asteazken goiz honetan, grebaren inguruan mintzatzeko. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren "jarrera itxia" salatu dute eta irakasleen lan baldintzak hobetzeko negoziaketak aldarrikatu dituzte, beste behin. Hezkuntza Departamentuak joan den azaroko akordioa ontzat ematen duela baina akordio hura "guztiz antidemokratikoa" dela kritikatu dute sindikatuek.