Espainiako Parlamentuan aurrera atera den lan erreformaren kontra eta Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen pentsioen sistema salatzeko, greba orokorra deitu dute gaur CCOO eta UGT sindikatuek Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian. Euskal Herriko kasuan, ESK, LSB-USO, CGT eta CNT sindikatuek ere grebarako deia egin dute, baina ez CCOO eta UGTren deialdiari loturik. Bestalde, bi sindikatu abertzale nagusiek, ELA eta LABek –Hegoaldeko ordezkaritza sindikalaren %51 dira–, ez dute deialdia sostengatu.
CCOO eta UGTren deialdiak hainbat enpresa garrantzitsuetako batzordeen atxikimendua izan du, besteak beste: Zumarragako Arcelor, Lasarteko Michelin, Mercedes, La Naval, Sidenor, Sestaoko ACB... Bi sindikatuok manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian 12:00etan hasita, eta Iruñean 11:30etik aurrera.
Oraingoz, ez da aparteko gertaerarik sortu greba dela-eta, Eusko Jaurlaritzak %30eko zerbitzu minimoak ezarri ditu garraioan eta osasungintzan. Espainian grebak izan duen eraginaren jarraipena egiteko #HuelgaGeneral etiketa sortu dute, besteak beste, Twitter-en. Bestalde, gaurko egunkarietan hainbat iritzi argitaratu da greba deialdiaren inguruan, hemen horietako batzuk:
- La coherencia de la huelga (Tedororo León Gross, El Diario Vasco)
- La importancia de la huelga general (Vicenç Navarro, Público)
- Servicios máximos (Javier Vizcaíno, Público)
- Irailaren 29an, hazkundearen alde? (Jose María Rivadeneyra, Berria)
- 29 S: tantos motivos como en junio (Ruben Belandia, Noticias de Gipuzkoa)
- La huelga general de hoy, 29 de septiembre (Exabier Arrieta, Noticias de Gipuzkoa)
- Nuestros sindicatos (Tonia Etxarri, El Correo)
- En defensa de los derechos (Jesus Uzkudun, Diario de Noticias de Alava)
- Huelga en libertad (El Diario Vasco, editoriala).
Espainian ez ezik, Europa osoan mobilizazioak egingo dira irailaren 29an, Europako Sindikatuen Konfederazioak deituta. Konfederazio horrek Europako Ekintza Eguna antolatu du, herrialde ezberdinetan gastu publikoa murrizteko hartutako neurrien kontra egiteko. Bruselan manifestazio erraldoia egingo dute konfederazioko 50 sindikatuen eskutik; eta Frantzian, Polonian, Errumanian... ere egingo dira manifestazioak. Horri buruz I-29: doikuntzen kontrako euromanifestazioa artikulua plazaratu berri du Juan Mari Arregik ARGIA astekarian.