Laudioko lantegiko zuzendaritzak astelehen honetan jakinarazi dio enpresa batzordeari behin betiko itxiko duela enpresa. Urtarrilaren 29an abiatuko dute ixteko prozesua. Egun berean egingo dute elkarretaratzea langileek eta ostegunean hasiko dute greba.
Duela astebete iragarri zuen Laudioko labearen itxiera Guardian enpresak, 171 langileren kaleratzearekin batera. Multinazional estatubatuarraren zuzendaritzaren arabera, beira egiten duen lantegiko labea kaltetuta dago, eta horren ondorioa da enpresa ixteko erabakia. Hasiera batean otsailaren 3an itxiko zutela azaldu bazuten ere, data aurreratu dute eta labearen itzaltze prozesua urtarrilaren 29an abiatuko dutela iragarri dute.
Enpresaren itxieraren eta kaleratzeen aurka hasiko du enpresa batzordeak (ELA eta LAB sindikatuek) greba mugagabea. Astelehen goizean azaldu zuen enpresak itxierak ez duela “atzera bueltarik”. Zuzendaritzaren erabakiari erantzunez adostu dute langileek greba abiaraztea.
Greba urtarrilaren 30ean hasiko badute ere, asteazken honetan elkarretaratzea deitu dute 07:00etatik 10:00etara bitartean. Enpresak labea ixtea aurreikusten duen egunean mobilizatuko dira langileak itzaltze-lanak oztopatzeko asmoz.
Mobilizazioez gain, enpresa batzordeak itxiera planaren, eta horrek eragingo lituzkeen ondorioen berri emateko txosten bat aurkeztea eskatu dio Osalani, Laneko Segurtasunerako Euskal Erakundeari.
Izan ere, eraikinaren eta langileen segurtasuna arriskuan egon litekeela azaldu du langile batzordeak, eta eraikina kolapsatzeko aukera ere egon litekeela. Gabriel Ainz Laudioko Guardian lantegiko lan-arriskuen prebentziorako ordezkariak salatu du ez dagoela labea itzaltzeko jarduera-protokolorik, eta kritikatu du protokolo hori “ziurrenik” labea itxi ondoren iritsiko dela.
Kasua Justizia Auzitegira
Laudioko enpresa ixteko erabakiaren aurrean, ELAk premiazko kautelazko neurrien demanda aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegian. Guardianen erabakia bertan behera uzteko agindua emateko eskatu dio sindikatuak auzitegiari.