argia.eus
INPRIMATU
Greba mugagabea abiatuko dute Maderas de Llodioko langileek astelehenetik aurrera
  • Hala iragarri dute langileek ostegun arratsaldean Laudion eginiko mobilizazioaren amaieran.

Aiaraldea @aiaraldea Txabi Alvarado BaƱares 2025eko irailaren 19a
Aiaraldea

Greba mugagabea abiatuko dute Maderas de Llodioko langileek datorren astelehenetik aurrera, Garnica taldeak Laudioko lantegian egin nahi dituen 39 kaleratzeen aurka. Hala iragarri dute beharginek eurek ostegun arratsaldean Laudioko kaleak zeharkatu dituen mobilizazioaren amaieran. 

Ehunka herritar bildu dira arratsaldeko zazpietan Laudioko sarrerako biribilgunean. Grebalariak lantegitik jaitsi dira orduan, bizilagunen txaloen artean, eta orduan abiatu dute mobilizazioa Zumalakarregi etorbidean barrena, Herriko plazaraino. 

Haur talde batek hartu du hitza lehenbizi. Izan ere, beharginen seme-alabek kartel propioak eraman dituzte mobilizaziora, eskualdearen etorkizunaren aldeko aldarria plazaratuz. 

Jarraian igo dira oholtzara grebalarien ordezkariak. Enpresaren asmoa "deslokalizazio argia" dela salatu dute, lantegiaren behin betiko itxierarako lehen urratsa dela ohartarazita. Nabarmendu dutenez, ez dago horrelako erabakirik justifikatzen duen arrazoirik. "Irabazi azkarren logika baino ez dago atzetik, enplegua suntsitzea kontuak puzteko, giza kostuari eta gure eskualdearen etorkizunari erreparatu gabe", ziurtatu dute. 

Argazkia: Aiaraldea

Langileen iritziz, “kapitalaren enbatarik gogorrena” jaso du eskualdeak “beste behin ere”: “Merkantzia hutsa gara elite ekonomiko eta enpresarialen eskuetan. Muturreraino zukutzen dituzte gure baliabideak eta gure jendea, eta errentagarriak ez garela erabaki bezain pronto bide bazterrean botata uzten gaituzte. Luzeegia da kolpeen zerrenda, eta Guardianen zauriak zabal-zabalik jarraitzen duen honetan jaso dugu mehatxu berria”. 

Bizilagun guztiei luzatu diete datozen egunetako deialdi eta mobilizazioetan parte hartzeko gonbita.

Ildo horretan, erakunde publikoei leporatu diete beste alde batera begiratzea, “dena erabakitzeko boterea talde enpresarial handien esku” utzita. “Enplegua defendatzen dutela diote publikoki, baina praktikan konplize bihurtzen dira, euren geldotasunagatik”.

Horregatik, “ekintzak” eskatu dizkiete instituzioei. “Nekatuta gaude etengabe beste aldera begiratzen duten erakundeez. Aiaraldean lan eta bizi nahi dugu. Eta ez dugu etsiko hori defendatzeko bidean. Hemen dago gure bizitza, gure duintasuna eta gure etorkizuna”, aldarrikatu dute. 

Greban parte hartzeko deia

Langileen ustez, euren esku dago Garnicaren asmoak etetea, eta horretarako deitu dute greba mugagabea. Horri lotuta, eskualdeko bizilagun guztiei luzatu diete datozen egunetako deialdi eta mobilizazioetan parte hartzeko gonbita. “Gure etorkizuna dago jokoan; antolatuta eta mobilizatuta bakarrik lortuko dugu hura defendatzea. Borrokan gaude eta borrokan jarraituko dugu, gure aurretik izan zirenengatik eta etorriko direnengatik”.