Urriaren 22a aukeratu dute Vaga de Totes edo Emakume Guztien greba egiteko. Emakumearen diskriminazio egoera azaleratzea eta greba “borrokarako tresna gisa berreskuratzea” dute helburu.
7:30ean eman diote hasiera grebari, eta Bartzelonako Gran Via, Paral.lel, Diagonal eta Meridiana kaleak moztu dituzte. Hainbat espazio feministatatik sortutako ekimena da Vaga de Totes, ezaugarri ezberdineko emakume askorekin elkarlanean adostutakoa.
Antolatzaileak ez datoz bat egungo greba orokorren ereduarekin, “lan-merkatuan murgildutako soldatapeko behargina hartzen duelako soilik aintzat, lanbide eta pertsona ugari kanpo utziz”.
Diskriminazio egoera bistaratzeaz gain, “emakumeek bizi dituzten errealitate ezberdinak” ere azaleratu nahi dituzte. “Langabetu, etxekoandre, erretiratu, sexu-langile, ikasle… pertsona, lanbide eta egoera guztiak biltzen dituen greba egin nahi dugu, ohiko patroi androzentristak hautsita”.
Asteazkenean 19:00etan manifestazioa egingo da Bartzelonako Catalunya plazan. Urriaren 22ko egitarau osoa eta informazio gehiago hemen.