LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek deituta –CFDTk ez, ordea–, greba eguna izan da ostegunekoa. Manifestazioa burutu dute goizean Baionan eta Donapaleun ere egin dute elkarretaratzea, LABek deiturik.
"Aberastasunaren banaketa justua" galdetzeko greba eguna antolatu dute osteguneanLAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek Ipar Euskal Herrian. Frantziako Estatu mailako deia da eta manifestazioak egiten dabiltza hamarnaka herritan. Tartean, Baionan ere batu dira ehunka herritar eta erosahalmena izan dute aldarri: soldaten, erretreten eta laguntza sozialen emendioa eskatu dute. LABek Donapaleun ere egin du elkarretaratzea, barne aldeko herritarrekin biltzeko asmoz.
Emmanuel Macronen politika salatu dute, aberastasunak langileei banatzeko nahikeria eza duelako: "Gaur egungo krisiaren zama langileei pairarazten dabil". Murrizketen logikaren bukaera eskatu dute, zerbitzu publikoen bermea aldarrikatuz. Nola ez, Frantziako Gobernuak abiarazi nahi duen erretreten erreforma ere deitoratu dute Baionako karriketatik.
Greba deialdia nahiko azkar sentiarazi da garraio publikoetan: SNCF tren konpainian, autobus zerbitzuetan zein Miarritzeko aireportuan. Ikastetxeetan ere jarraitua izan da, baita ospitaleetan ere.