argia.eus
INPRIMATU
Greba egingo dute ostegunean eta ostiralean bihar Arabako erresidentzia pribatuetako langileek
  • ELA eta LAB sindikatuek deituta greba egingo dute erresidentzia pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek ekainaren 29 eta 30ean. Sektorearen "lehen hitzarmen probintzial duina" eskatzen dute. Manifestazioa egingo dute ostegunean 11:00etan Plaza Berritik abiatuta.

Hala Bedi @halabedi 2023ko ekainaren 29a

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek beste bi greba egun egingo dituzte gaur eta bihar, ELA eta LAB sindikatuek deituta, lan hitzarmena eskatzeko. Negoziazio mahaia blokeatuta dagoela salatu dute sindikatuek, eta kritikatu egin dituzte patronalaren eta Arabako Foru Aldundiaren jarrera. Manifestazioak deitu dituzte, ostegunean Plaza Berritik abiatuta eta ostiralean Albertia Campus egoitzatik irtenda.

Lau urte igaro dira arlo honetako langileek protestak hasi zituztela, baina patronalaren aldetik ez dute erantzun positiborik jaso. Hala, "egoera prekarioan" jarraitzen dute erresidentzia pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek, sindikatuen esanetan. Lanaldi luzeak, soldata baxuak, ratio altuak eta beste hainbat arazo aipatu dituzte hitzarmena eskatzeko deialdietan, eta salatu dute ohikoak bilakatu direla langileak "gaixoarazten" dituzten lanaldiak.

Deitzaileek nabarmendu dute garrantzitsua dela zahar etxeetako erabiltzaileak "duintasunez" zaintzea, baina dauzkaten lan baldintzen ondorioz ezin dutela kalitatezko zerbitzua eskaini, edo haien osasun egoera kaltetzea ekartzen duela ordainetan.