Gipuzkoako 30 autobus enpresatako 5.000 lagun inguru daude deituak grebara, hilaren 13,14, 20 eta 21ean. Sindikatuen hitzetan, "patronalak hitza bete ez duelako" daude derrigorturik erantzun bat ematera.
Sindikatuek eta patronalak badute aurreakordioa sinatuta, baina ekainaren 30ean egindako bileran hitzarmeneko puntu bat betetzeko prest ez zegoela azaldu zien patronalak, LAB sindikatuko kide Ziortza Ameztoik azaldu duen moduan Euskadi Irratiako Mezularia saioan.
Desatostasunak eragin dituen puntua dieten gainekoa da. Dietak arautuak daude Espainiako Estatuko lan ordenantzan, baina Gipuzkoako hitzarmenean ez zen hark zehaztutakoa betetzen. Sindikatuen helburua da gipuzkoan ere aplikatu dadin lortzea, eta hala adostu zuten patronalarekin, "baina sinatutakoa betetzeko intentziorik ez dute orain", salatu du Ameztoik.
Sindikatuek dei egin diete erakundeei esku har dezaten, gatazkaren parte ez badira ere, "erantzukizuna" dutelako. "Administrazioak arduraz jokatzeko eskatu behar dio patronalari". Bestetik, konbenioa bertan behera geratu zen ekainaren 30ean eta, hortaz, autobus enpresek aukera dute langileei Estatu mailako hitzarmena aplikatzeko, legalki behintzat. "Dena den, ez dugu uste hala egingo dutenik", adierazi du Ameztoik, egoerak okerrera egingo lukeelako.