argia.eus
INPRIMATU
Grande-Marlaska epaile zela 223 euskal herritarrek salatu zituzten torturak
  • Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko egunaren harira, Fernando Grande-Marlaska instrukzio-epaile zenean torturatutako hamalau pertsonak, Amaia Izko abokatuarekin batera, agerraldia egin dute asteartean Bilbon.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 26a

EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian bilduta, ezker abertzaleak Fernando Grande-Marlaska barne ministroari egindako mina aitortzeko exijitu dio, bere jardunak tortura ahalbidetu zuela argudiatuz. “Bakean eta bizikidetzan oinarritutako herri batean bizi ahal izateko”, Espainiako komisaldegietan torturatuak izan diren milaka herritarren minak aitortza behar duela defendatu dute.

Eragindako kaltea aitortzeaz gain, torturaren erabileraren bidez lortutako inkulpazio zein autoinkulpazioen kasuan ezarritako zigorrak baliogabetu egin beharko liratekela adierazi dute. Eta estreinatu berria den agertokian “justizia trantsizionala aplikatzeko” gonbitea luzatu diote, Ezker Abertzalea gatazkaren konponbidean ekarpenak egiteko prest dagoela azalduz.

Grande-Marlaska epailea barne ministro izendatu zutela jakitean askok “izua, beldurra eta oinazea” sentitu zituztela azpimarratu dute, berau Espainiako Auzitegiko instrukzio epailea zenean tortura ahalbidetu zuelako. Garai hartan dozenaka pertsonak bere aurrean torturak salatu arren, honek ez-ikusiarena egin eta neurririk hartu ez izana salatu dute.

Grande-Marlaska Espainiako Auzitegiko instrukzio epaile zela, Istanbulgo protokoloak egiaztatu dituen 223 euskal herritarrek salatu zituzten espetxealdian jasandako tratu txar eta torturak. Instrukzio epaile guztietatik, bere ardurapean atxilotutako norbanakoen tortura salaketa gehien dituen epaileetako bat da.

2004tik hona Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak Espainiako Estatua bederatzi aldiz zigortu du tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik. Bederatzi aldi horietatik seitan Grande-Marlaska zen instrukzio-epaile. “Honelako epaile anker bat barne ministro izendatzeak tortura jasan duten guztiak iraindu ez ezik, sentitzen duten mina ere areagotzen du”, adierazi du Sortuk.