argia.eus
INPRIMATU
Istilurik ez zegoela jakin arren kargatu zuen Ertzaintzak Cabacas hil zuten gauean
  • Istilurik ez zela jakinarazi bazioten ere, Ertzaintzaren Deustoko komisaldegiko arduradunak erasotzeko agindua eman zuen Iñigo Cabacas hil zuten gauean. Hori frogatu du Naizek eta Info7k plazaratu duten grabazio batek. Bertan, Bilboko Poza Lizenziatua kale inguruan zeuden ertzainen eta Deustuko kuarteletik aginduak ematen zituen agentearen arteko elkarrizketak entzun daitezke.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 15
IƱigo Cabacasekin gertatutakoa argitzeko San Mames kanpoaldean egindako agerraldia (Argazkia: deia)

“Ugarteko” ezizeneko goi karguak  “daukagun guztiarekin ‘herrikoan’ sartzeko” agindua eman zuen, nahiz eta bertakoek borrokarik ez zela eta plaza jendez gainezka zegoela esan zioten. “Egoera kontrolatzeko” tabernan sartu eta “ustezko erasotzaileak” bota behar zirela azpimarratu zuen Deustutik.

Testiguek azaldu zuten moduan, bi karga izan zirela baieztatu daiteke grabazioan. Bigarrengoak, bortitzenak, zauritu zuen Cabacas. Ertzaintzak momentuan izan zuen gertatutakoaren berri. Goi karguari zauritu bat zegoela jakinarazi zioten, “pilotakada edo zorabio baten ondorioz”. Honek segituan erantzun zion “zorabio bat izango zen”. Ondoren, beste ertzain batek Cabacasen zauriak pilotakada batek eragindakoak zirela baieztatu zuen

Jaurlaritzak Cabacas pilotakada batek hil zuela hasieratik jakin zuela baieztatu du grabazioak. Orduko barne sailburu Rodolfo Ares aukera hori baztertzen saiatu zen, balizko beste arrazoi batzuk aipatuz.