Gotzon Iparragirre: “Espetxe politika ezin da ulertu, mendekutik ulertzen ez bada”

  • Gotzon Iparragirre, Ibon Iparragirre presoaren anaia elkarrizketatu dute Info7 irratian. Navalcarnerotik Alcalá Mecoko kartzelara eraman dute Ibon, inolako azalpenik eman gabe. Azaroaren 29an elkarretaratzea egingo da Bilbon, Ibonen moduan gaixorik dauden presoak etxera ekartzeko eskatuz.


2014ko azaroaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
“Iparra galdu baik”, Ibon Iparragirreren aldeko plataforma Bizkaiko antzerako plataformekin elkarlanean hasi da. (Arg: Turrune)

Joan den astean eraman zuten Ibon Iparragirre presoa Alcalá Mecoko kartzelara, ordura arte Navalcarneron egon ostean. Ez berari, ez bere familiari, ez diete arrazoi jakinik eman aldaketa hori justifikatzeko. “Aste honetan hobeto dago, baina iragan igandean oso urduri eta aztoratuta deitu zion amari. Azalpenik eta ia bere gauzak jasotzeko astirik eman gabe eraman zuten Mecora”, azaldu du Gotzonek.

Larriki gaixorik egon arren, Ibon zelda txiki batean arropa egokirik gabe eduki dutela kontatu du bere anaiak, eta hotz handia pasatu duela familiakoek bisitan arropak eraman zizkioten arte. “Dagoen egoeran kartzela berri batera egokitu behar izan du. Ez zioten utzi telebista eta irratia berarekin eramaten, eta hori da kanpoaldearekin duen konexio bakarra. Ibonek oso gutxi ikusten du, ezin du prentsa irakurri”.

Bi urte eta lau hilabetez bere Ondarroako etxean eduki dute Ibon Iparragirre, “erregimen zorrotzean, baina familiaren ondoan”.  Navalcarnerora eramatea “kolpe” bat izan zela dio Gotzonek, eta bigarren aldaketa hau beste bat gehiago.

“Alcalán moduluan daukate, ez erizaintzan, eta esan diote ez dutela gainerako preso politikoekin elkartuko. Alcalá Meco kartzelarik zaharrenetarikoa eta zikinenetarikoa da, eta hori da Iboni gutxien komeni zaiona une honetan. Hemendik aurrera edozer gerta dakioke”, azaldu du haren anaiak.

Espainiako espetxe politikak Ibon muturreko egoera batera eraman nahi duela uste du Gotzonek, eta mendeku nahiak soilik justifika ditzakeela horrelako erabakiak. “Baina gu ez gaude hori onartzeko prest”.

“Iparra galdu baik”, Ibon Iparragirreren aldeko plataforma Bizkaiko antzerako plataformekin elkarlanean hasi dela adierazi du Gotzonek. “Ekintza ugari egin ditugu orain arte, eta gure indarrak beste talde batzuekin koordinatzea erabaki dugu orain”. Azaroaren 29rako elkarretaratzea deituko dute Bilbon, gaixorik dauden presoak etxera ekar ditzaten eskatuz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaixo larriak
2021-12-20 | ARGIA
Antton Troitiñoren heriotza “azkena” izan dadila eskatu dute Sarek eta Etxeratek

Euskal preso politikoa ostiralean hil zen minbizi baten ondorioz, 30 urteko espetxealdiaren ostean kaleratu eta 10 hilabetera. Troitiñoren kasua euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politikaren adierazle dela salatu dute bi elkarteek. Mobilizazioak antolatu dituzte... [+]


2021-02-05 | ARGIA
Kalean da Antton Troitiño, baldintzapean aske

Eritasun "larri eta sendaezin" bat duela, baldintzapean atera da kalera otsailaren 5 goiz honetan. Orotara, 30 urtez gora pasa behar izan ditu kartzelan.


Julen Atxurra presoak buruko isuria izan du eta kartzelako erizaindegira eraman dute

61 urteko preso lekeitiarrak maiatzaren 13an buruko isuria izan zuela argitaratu du Etxeratek. Orain Puerto-I kartzelako (Cadiz, Andaluzia) erizaindegian dagoela eta asteburuan familiaren bisita izan duela gehitu du.


Espetxe politikaren legea betearazteko eskatu dute 38 eurodiputatuk

Dispertsio politika bukatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskatu diete Espainiako Estatuko eta Europako Parlamentuko presidenteei.


"Itxaropena" lagun, Bilboko eta Baionako manifestazioetara joateko deia luzatu die Sarek herritarrei

Sareko kideek presoen egoera aldatuko den "itxaropena" erakutsi dute: "Hala behar luke, behinik behin. Orain da unea; izan ere, orain ez bada, noiz?"


Eguneraketa berriak daude