Gotzon Barandiaran: "Euskaldunok guk geuk ere ez dugu ezagutzen gure kultur sorkuntza"

  • Irailaren 23tik 28ra Jalgi ekimena ospatuko da Aiaraldean, euskarazko kultur-sorkutza ikusgarri egiteko. Ekimena zergatik antolatu duten azaldu du Gotzon Barandiaranek (Larrabetzu, 1974).


2016ko maiatzaren 20an - 13:06

Zergatik Jalgi?

Mende honen hasieran hasi zen dena. Euskara elkarteen federazioak, Topaguneak, kulturgintzari buruzko hitzaldi bat eskatu ziguten Igor Elortza eta bioi, eta lau gabezia nagusi antzeman genituen euskarazko kultur-sorkuntzan. Horietako bat da sorkuntza bera: ume garenetik eta helduarorainoko bidean, ez dugu sorkuntza modu iraunkor eta konstante batean lantzeko aukera sistematizaturik. Horrez gain, konturatu ginen Euskal Herrian baditugula gure sormen lanak aurkezteko plazak, baina horietan euskarazko kultur-sorkuntza ez dela nagusi. 

Beste bi gabezia ere antzeman zenituzten. Zeintzuk?

Komunikazioan antzeman genuen hirugarren gabezia. Nabarmena da ez daukagula kultura espainol, frantses eta ingelesdunak daukan irismena, eta izugarri kosta egiten zaigula gure sormen lanen berri ematea; ez bakarrik euskal herritar orori, baita euskaldunei eurei ere. Gaur egun, euskaldun batek ez du erraz jasoko euskal kultur-sormen lanen berri, ez bada bere kabuz ahalegintzen. Euskaldunok guk geuk ere ez dugu ezagutzen gure kultur-sorkuntza. Laugarren gabezia bat ere antzeman genuen: transmisioa ez dugula bermatuta. 

Transmisioan ere kale, beraz...

Hezkuntzan, irakasle edo hezitzaileak duen borondatearen araberakoa da transmisioa, eta horrek eragin zuzena dauka gainerakoan. Aurten, gabezietako bi izango dira Jalgiren ardatz: komunikazioa eta transmisioa. 

Zer ekarpen egin nahi duzue? 

Gabeziak betetzen hasteko neurri zehatzak proposatu nahi ditugu. Batez ere, jardunaldien bitartez. Gero eta eragile gehiago biltzen ahalegintzen ari gara, guztion artean euskal kultur-sorkuntzaren aldeko estrategia komun bat egiteko. 

Lehenengo ediziorako, Aiaraldea aukeratu duzue. Zergatik? 

Urtero eskualde ezberdin batean izango da Jalgi, eta, goazen lekura goazela, bertako kultur-eragileekin elkarlana proposatuko dugu. Aiaraldea eskualdean, azken urteetan erreferente bihurtu da Aiaraldea Komunikazio Leihoa, lan izugarria egin duelako euskarazko komunikazioa eta euskararen beraren eta euskarazko kulturaren beraren alde. Bestalde, Aiaraldea Araba ere bada, eta uste dugu Araba kulturgintzan eredugarria izan dela Euskal Herri mailan, gutxienez azken hamarkadan. Hori ere nabarmendu nahi genuen, eta Araba euskal kulturgintzaren zentralidadean jarri.  

Zer aurkituko du Jalgira gerturatzen denak?

Euskal kulturgintza osoaren mapa bat edukiko du begien aurrean; euskarazko kulturgintza zertan ari den gozatzeko aukera. Euskal kultur-sorkuntzaren aldeko aldarrikapen erraldoi bat izango da Jalgi.

(Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC-by-sa lizentzia baliatuta)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jalgi ekimena
2016-05-30 | Arabako Alea
Kulturaren plaza izan da Aiaraldea astebetez

Euskarazko sorkuntza aldarrikatzea helburu, Jalgi ekimenaren lehenengo edizioa ospatu dute Aiaraldean; joan den astelehenean hasi eta larunbata bitarte hirurogei jarduera baino gehiago garatu dituzte eskualdeko bederatzi udalerrietan.


Koordenatuak eman, eztabaidak sustatu

Jalgi ekimenaren barruan euskal kultura nola komunikatu eztabaidatu da ostegunean. ARGIAtik begirada hau eskaini dugu.


Eguneraketa berriak daude