Abdullah Ocalan Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagia da eta 1999tik isolamendu erregimen gogorrean dute preso Turkian. Haren askatasuna eskatzeko gose greba abiatu dute Turkian preso dauden kurduek eta otsailaren 15era arte irauteko asmoa dute.
Gose greba egiten ari dira Turkiako preso politiko kurduak, urte luzez espetxeratuta dagoen Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi Abdullah Öcalanen askatasuna lortzeko. Azaroaren 27an hasi zuten gose-greba eta 2024ko otsailaren 15era arte irautea aurreikusi dute.
Gose grebaz gain, eskaera gutunak bidali dizkiete presoek nazioarteko agintariei, eta grebari eusteko konpromisoa hartu dute haien eskaerak bete arte. Giza Eskubideen Elkartearen Ankarako sukurtsaleko presidentekide Omer Faruk Yazmacik nabarmendu du presoen baldintzak “izugarriak” direla, eta pandemiaz geroztik isolamendu neurriak areagotu direla. Yazmacik adierazi du presoen eskariak “entzun” egin behar direla.
Yakup Akman da gose greba kanpainarekin bat egin duen preso politiko kurduetako bat. Marmarako espetxean dago (Silivri), eta adierazi du Ocalanen egoera bideratu arte gose-grebarekin jarraituko dutela: “Isolamendu hori onartzea zapalkuntza jasatearen parekoa da, eta ez gara ohituko eta ez dugu onartuko. Gure herriari jakinarazi nahi diogu gose greba abiatu dugula Ocalan jaunaren isolamenduaren eta atxiloketaren aurka, baita kurduen auziari konponbide demokratikoa ematearen alde ere. Gure ekintzarekin jarraituko dugu neurri zehatzak hartu arte”.
Zuzenbidearen arloko profesionalek, giza eskubideen defendatzaileek eta Veysi Güne Askatasunaren aldeko Abokatuen Elkarteak (ÖHD) kurduen auziari konponbide politikoa emateko beharra adierazi dute.