argia.eus
INPRIMATU
Gose greba mugagabea abiatu du Venezuelan dagoen Asier Guridi iheslariak, herritartasun eske
  • Venezuelan dagoen Asier Guridi Zaloña euskal iheslari politikoak abenduaren 3an gose greba abiatu duela jakinarazi du. Caracas hiriburuko Espainiako kontsuletxearen aurrean dago, bere eskubideak eta 13 urteko bere semearenak aitortuak izan daitezen eskatzeko. 2005ean iritsi zen Hego Amerikako herrialde hartara eta 2013an atxilotua izan zenetik herritartasunik gabe dago.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko abenduaren 06a
Asier Guridi, Espainiako kontsuletxearen aurrean, herritartasuna eskatzeko protestan.

"2013 urtean hasi zen nire infernua. Ni nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe utzi ninduten kalean; eta honek nire semea Iban ere nortasun arazoekin eta eskubiderik gabe utzi zuen –dio ARGIAra igorri duen oharrean–. Urteak egin ditugu era guztietako arazoekin; jangaien arrazionamendua izan genuen garaian supermerkatuetan ez ziguten janaririk saltzen N.A.N agiririk ez genuelako; linbo egoera honetan ez zegoen taxista edo mototaxista lanik egiterik, eta diru-iturri bila kalera laranja zukuak egin eta saltzera ateratzean ere eragozpenak eta debekuak izan ziren".

Kontatzen duenez, urteak igaro dituzte horrela. 2020.urtean Caracasko Espainiako Kontsulatuak ere ukatu egin zion Espainiak atzerrian eman dezakeen nortasun agiria. Horrela, Oñatin dagoen Iban semeari, venezuelar jatorriko erregularizazioz kanpoko haurra izatea ekiditeko bidea ere itxi zitzaion. "Nola eman semeari dagozkion eskubideak, eskubide horiek eskuratzeko beharrezkoa den aitaren nortasuna ukatzen bada?", galdetu du.

Guridik salatzen du linbo egoera horretan bizi beharra egunerokoan arazo iturri etengabekoa dela. "Ezin lanbide normal bat izan, ezin gidatzeko baimenik izan, ezin zordunketa-txartelik edo bankuko konturik izan, ezin mugikorrik norberaren izenean izan... Eta nire seme Iban Guridiri ere eragiten dio: ezin ikasketetarako beharrezko dituen bekak eskatzeko eskaerak osatu, ezin erregularizazio agiria eskatzen den txango eta bestelakoetan parte hartu, DBH-2ko ikasketak amaitzean ez omen zaio horren agiririk emanen, oinordetza eskubideak edota errepideko kontrol arrunt batean paperik ezaren arazoak eragingo lukeenaren etengabeko beldurra besteak beste", dio oñatiarrak.

Horrenbestez, Caracasko Espainiar Kontsulatuaren aurrean gose greba mugagabea hasi duela adierazi du bere eta bere semearen eskubideen eske. "Espainiar Estatua da duela urtebete niri pasaportea ukatuz gure egoera erregularizatzea ezinezko egiten duena. Era berean Venezuelako Gobernu Bolibariarrak ere baditu egoera hau konpontzeko tresnak; bai asilo eskubidea emanez; bai errefuxiatu izaera onartuz, baita hemen hainbeste urte daramatzan venezuelar jatorriko haur baten aita izatearren ohiko nortasun agiri arrunta eginez; Venezuelako Gobernu Bolibariarraren esku ere badago Ibanen jaiotze agirian egin beharreko zuzenketa guztiak egitea".

Euskal Herriko herritar, lagun eta taldeen babesa eta laguntza eskatu ditu.

Asier Guridi espetxean izan zuten 1992tik 1997ra, eta 2001ean egin zuen ihes bere izena Ekin erakundearekin lotutako zerrenda batean atera zenean. Guardia Zibilaren esku torturak eta presondegietan sei jipoi salatuak ditu.