Gose greba hasi dute Itziar Moreno eta Ekhiñe Eizagirre euskal presoek Fresnesen

  • Fresnesko kartzela zuzendaritzak lekuz aldatuko dutela jakinarazi dio Itziar Morenori. Ez diote lekua eta data zehaztu oraindik. Etxeratek jakinarazi du isolamendu egoeran jarraituko duela bitartean. Egoera salatzeko, Morenok gose greba hasi du astelehenean.


2016ko maiatzaren 23an - 16:14
Mobilizazioak ugaritzen ari dira Fresnesko espetxean gose greba egiten ari diren presoekin elkartasunez.

Fresnesko nesken moduloko zuzendaritzak jakinarazi dio Morenori kartzelaz aldatuko dutela, "noiz eta nora zehaztu gabe". Ondorioz, Morenok gose greba hasi du "isolamendutik atera arte". Kartzela berean dagoen Ekhiñe Eizagirrek ere gose greba hasi du eta Iratxe Sorzabal janariari uko egiten hasi da.

Itziar Moreno isolamendu egoeran dago maiatzaren 2az geroztik. Zuzendaritzak leporatu zion kartzelako bizi baldintzak hobetzeko mobilizazioen buru izatea. Morenoren egoera salatzeko, Fresnesko hainbat preso politikok gose greba mugagabea hasi zuten maiatzaren 10ean.

Osnyko espetxean dauden presoen baraualdia

Osnyko espetxean dauden lau euskal preso politiko protesta ugari egiten ari dira Fresnesko espetxean gose greba mugagabea egiten ari diren presoekin elkartasunez. Maiatzaren 17az geroztik –pasa den asteartea– , txandakako baraualdi mugagabea egiten ari dira Osnyko espetxeko lau euskal preso politiko, eta horrela jarraituko dute Itziar Moreno isolamendutik ateratzen duten arte.

Ohar baten bidez salatu dute Morenok isolamenduan jarraitzen duela, eta larria dela bere egoera. Gogorarazi dute Nazio Batuen Torturaren aurkako Batzordeak torturatzat jo duela isolamendua 15. egunetik aurrera.

Era berean, Fresnes eta Osnyko espetxeetako zuzendaritzei, Jean-Jacques Urvoas Frantziako Justizia ministroari eta Lourence Le Vert instrukzio epaileari gutuna bidaliko diete Morenoren egoera salatzeko. Larunbat arratsaldero kontzentrazioak egingo dituzte espetxeko patioan, eta kartelak ipiniko dituzte.

Protesta ugari kalean ere

Kalean ere protesta ugari egin dituzte Itziar Morenoren egoera salatzeko. Parisko Elkartasun Komiteak kontzentrazioa egin zuen larunbatean Fresnesko kartzelaren aurrean. Luzio Urtubia militante anarkista historikoak ere hartu zuen parte.

Euskal preso politikoen hainbat senidek eta lagunek gutuna entregatu zioten Frantziako enbaxadoreari Bilbon. Eskatu diote “bere esku dagoen guztia” egin dezala Itziar Morenoren isolamendua amaitzeko.

Hainbat mobilizazio ere egin dituzte Morenoren egoera salatzeko. Uribe Kostan, esate baterako, 130 pertsona inguruk hartu zuten parte Amnistiaren Aldeko Mugimenduak larunbatean deitutako manifestazioan.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek kontzentrazioa egingo dute asteartean Frantziako enbaxadoreak Bilbon duen egoitzaren aurrean, 13:00ean. Sindikatuek eskatuko diote kontsulari esku har dezala Morenoren isolamendu egoerarekin amaitzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude