argia.eus
INPRIMATU
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu
  • Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.

Aiaraldea @aiaraldea 2025eko uztailaren 18a

Ertzaintzak gorrotozko delitu salaketa jaso zuen asteartean, Artziniegan gertatutako gatazka baten ondorioz. Arratsaldean hasi zen dena, familia magrebtar baten ume batzuk Frontoiko plazako iturrian jolasten ari zirela. Udalak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, herritar batek kargu hartu zien haurrei ura xahutzeagatik, baina hauek jolasean jarraitu zuten. Horren ondoren, emakume batek adingabeen amengana jo zuen eta euren jarrera kritikatzen hasi zen, baina iruzkin eta irain arrazista eta xenofoboak egiteari ekin zion berehala.

Horrek talka eragin zuen eta, berez, gorrotozko delituak ez ezik, "ekintzazko tratu txarragatik" salatu dute emakumea, hau da, lesiorik sortu ez zuen erasoagatik. Poliziaren prentsa kabineteak ez du zehaztu erasoa adingabeen edo helduen kontra izan zen, baina Udalak iradoki du haurren kontra izan zela.Artziniegako Udala irainak jasan zituzten herritarrekin batu da eta babes osoa eskaini die.

Hain zuzen, sare sozialen bidez plazaratu du bere jarrera atzo jazotako gertakari arrazista eta xenofoboari buruz. Hala adierazi du tokiko erakundeak: "Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu jarrera honen biktima diren pertsonei; eta bigarrenik, gure gaitzespenik irmoena honelako gertaera tamalgarri eta gaitzesgarriei".

Udalak azpimarratu du Artziniega herri irekia dela eta soberan daudenak direla, zehazki, jarrera arrazistak dituztenak. Portaera horien aurka lanean jarraituko dutela ziurtatu dute.

Astearteko gertakaria Torre Pachecon egondako istilu arrazisten ondoren izan da, baina aipatu beharra dago iaz ere horrelakoak gertatu zirela Erresuma Batuan.