argia.eus
INPRIMATU
Gorrotoa, arrazakeria eta xenofobia postontzietan banatuz
Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba @ArabaOee 2025eko maiatzaren 12a
Polemikaren erdian dagoen Arana auzoko zentroa eitb

Gasteizko Arana auzoan Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroa birgaitzeko lanak hasi ondoren, bizilagun okupatuak eta kezkatuak garen aldetik eta Euskal Herria benetako harrera- herria izan dadin, berriz ere publikoki posizionatu beharra ikusi dugu. Beste behin ere lengoaia su-emaileak aktibatu direlako, klixe zaharkituak edo beldurra sortzen duten estereotipoak sustatzen dituztenak. Izan ere, martxoan, gorroto-diskurtsoa arrazistak eta xenofoboak elikatzen dituzten bi panfleto jaso genituen gure postontzietan.

Alde batetik, Babestu Araba/Zazpigarren Alaba elkarteak batzarretarako deia egin zigun Arantzabela, Aranbizkarra, Arana, Judimendi eta Santa Luzia auzoetako bizilagunoi. Batzarren helburua zen Aranako eraikinaren erabilera bozkatzea, egoitza geriatriko edo nazioarteko harrera zentro, bi aukera horiek kontrajartzen zirelarik, artifizialki eta nahita manipulatuta. Bilkuretara bertaratutako batzuek mezu xenofobo eta arrazistak erabili dituzte, hala nola "Arana Arabarrentzat", indar politiko erreakzionario jakin batzuek erabiltzen duten "Espainia espainiarrentzat" leloa gogorarazten digutena. Eta sindikatuen, Gasteizko auzo guztien eta Ongi Etorri Errefuxiatuen ordezkari gisa azaldu dira, eztabaida antzuari sinesgarritasuna emateko.

Bestetik, Alderdi Popularrak, talde politiko guztiek martxoaren 21eko osoko bilkuran errefuxiatuen zentroa geldiarazteko aurkeztutako mozioa baztertu ondoren, berriz ere martxan jarri zuen makineria. Beldurraren diskurtsoa zabaltzeko, makrozentroaz edo gainezka egitear dauden zerbitzu publikoez hitz egiteko... Helburu bakarrarekin: migrazioaren gaia erabiltzea etekin elektoralak ateratzeko, Gasteizko alkate ohi Javier Marotok 2014an komunitate magrebtarrari buruzko adierazpenekin egin zuen bezala.

Alderdi eta ordezkari politikoei eskatzen diegu ez dezatela eztabaida lokaztu botoak bilatzeko, eta ez dezatela sortu diskurtso alarmistarik biztanleengan beldurra eragiteko, makrozentro kalifikatzailea erabiliz. Ez dituzte hitz berdinak erabiltzen Baskonia-Alavés Taldeak aurten bertan ireki asmo duen 298 oheko egoitzari buruz hitz egiteko.

Dei egiten dugu urte hauetan guztietan Arantzabela, Aranbizkarra, Arana, Judimendi eta Santa Luzia auzoek erakutsitako harrera eta bizikidetza gaitasunari eustera

Harrera ereduei buruz hitz egiterakoan, zintzotasuna eskatzen diegu eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei, jakinda EAEko harrera ereduak 80-100 plazako edukiera duten zentroak dituela, hala nola Oñati (11.537 biztanle), eta gatazkarik gabeko herriaren eguneroko errealitatean txertatu dela. Ez gara gu izango Espainiako Estatuak sustatzen duen harrera ereduaren defendatzaile. Era berean, ezin dugu defendatu existitzen ez den "euskal harrera eredua". Baina horrek ez digu eragozten benetako arazoan arreta jartzea: gerren, espoliazioaren, klima aldaketaren eta abarren ondorioz beren etxeetatik ihes egin behar duten pertsona askoren harrera beharra. Erakundeek proposamenik egiten ez dutenez, pertsona horiei harrera onena eman behar diegu.

Dei egiten dugu urte hauetan guztietan Arantzabela, Aranbizkarra, Arana, Judimendi eta Santa Luzia auzoek erakutsitako harrera eta bizikidetza gaitasunari eustera, kale batzuen nomenklaturak berak ondo erakusten duen bezala: Andaluzia kalea, Extremadura kalea, Aragoi kalea... Auzo arrazista edo xenofoboak direla aurpegiratzen ez uzteko eskatzen diegu.

Horregatik guztiagatik, premiazkoa iruditzen zaigu esku hartze komunitariorako eta bizikidetzarako proiektu bat diseinatzea eta abian jartzea. Harrera auzoetako biztanleen premiak kontuan hartuko dituena, eta liskarrak saihestuko dituena egoiliarren eta iritsi berrien artean, eta iraupen luzeko zaintzak behar dituzten pertsonen eta nazioarteko babesa behar dutenen artean.

Denok ados gaude gure adinekoek eta mendekoek kalitatezko zaintza publikoa behar dutela. Hau planteatzen dutenen eskutik joango gara: pertsona batzuek gure nazioarteko babesa behar dutela eta eskumena duten erakundeek jarri behar dituztela baliabide material eta giza baliabideak bizitza orok bizitzea merezi dezan.