argia.eus
INPRIMATU
Gorroto delituak bikoiztu egin dira EAEn, delitu arrazista eta xenofoboak batez ere
  • 2022an Ertzaintzak erregistraturiko gorroto delituen berri eman du Eusko Jaurlaritzak: 438 gertakari guztira, 2021ean baino %57 gehiago. Arrazakeria eta xenofobiari lotutako delituek jarraitzen dute izaten zabalduenak, eta atzetik dituzte sexu-joera edo sexu-identitateari loturikoak. Delitugile gehienak gizonak dira, EAEkoak.

ARGIA @argia 2023ko apirilaren 18a
Delitu arrazista eta xenofoboak 2021ean baino %42,6 gehiago izan dira eta diskriminazio handiena pertsona arabiarrek jasan dute.

2016an gorroto delituen txostena egiten hasi zirenetik, kopurua esponentzialki igo da, eta saltoa bereziki nabarmena izan da 2021etik 2022ra (ikusi grafikoa). Gorroto delituak ugaritu izanari bakarrik ez, “gizartearen kontzientziazio handiagoari eta tolerantzia txikiagoari” ere egotzi dakioke igoera, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak adierazi duenez.

Iturria: Irekia.eus

Arrazakeria, xenofobia eta LGTBIfobia

Aurreko urteetako joerari jarraiki, xenofobiak eta arrazakeriak motibaturiko delituak dira gehiengoa (231 kasu, 2021ean baino %42,6 gehiago), eta berriro ere, diskriminazio handiena pertsona arabiarrek jasan dute.

Bigarren biktima kopuru handiena sexu-joeragatik erasoa jasan dutenena da: 96 kasu denera, 2021ean baino %31,5 gehiago. Tarte handira daude bestelako gorroto iturri izan direnak: ideologia edo orientazio politikoa, aniztasun funtzionala, adina, aporofobia…

Iturria: Irekia.eus

Gorroto delituei lotuta, Ertzaintzak 44 pertsona atxilotu eta 246 inputatu zituen iaz. Delitugileak nagusiki gizonak izan dira, EAEkoak. Gehienbat lesioak, mehatxuak eta derrigortzeak sufritu dituzte biktimek, hurrenkera horretan. Eta lesio, mehatxu eta derrigortze gehien jasan dituztenak arrazakeriaren eta xenofobiaren biktimak izan dira, oraingo honetan ere.

Josu Erkorekaren arabera, gorroto delituak eragozteko politikoki neurri prebentibo berehalakoak hartzea "oso zaila" da, eta gehitu du erasoak jasaten dituzten kolektiboekin neurri hezigarri eta sentsibilizaziokoetan jarri behar dela indarra, pairatzen dituzten gertakariak salatzen laguntzeko.