Amsterdam-go Dam plazatik aurrera jarraitu eta Damrak kalera sartu. Ekialdera jo pixka bat eta... Auzo Gorria? Non da? Gorri kolore guztia galdu duela dirudi, eta zuri-beltzean murgilduta geratu da! Oraindik gorritik zuri-beltzerako desgaste hori ez da errealitate bihurtu, baina aurki gerta liteke. Izan ere, Auzo Gorria koloreztatzen duten coffee-shop (http://es.wikipedia.org/wiki/Coffee_shop) famatuak eta emakume erdi biluziak erakusten dituzten erakus-leihoak ixtekotan dabil Herbeheretako Gobernua.
Herrialde horretan jarraitu dituzten politika liberalak urteetan zehar zeresan handia eman dute eta horiexek izan dira, hain zuzen, ospea eman diotenak. Europako beste herrialde batzuetan aipatu ere ezin ziren gaiak normaltasunez onartzen zituen gizarte holandarrak: droga bigunen kontsumoa, prostituzioa, eutanasia, sexu bereko pertsonen arteko harremanak eta ezkontzak... Orain ordea, demokrata-kristauek, sozial-demokratek eta kristautasun kalvinistaren jarraitzaileek osatutako gobernuak Herbeheretako herrialdean gaurdaino baztertu den gauza bakarra jarri dute martxan: debekua. Jan-Peter Balkenende demokrata-kristauak Amsterdamen dauden 228 coffee-shopetatik 43 itxi nahi ditu 2011. urtea baino lehen.
1976. urtean, Gobernu holandarrak kontsumo propiorako cannabis salmenta legeztatu zuen eta coffee-shopak irekitzeko lizentzien banaketa herrietako agintarien esku utzi zen. 2005. urte bukaeran 729 lokal zeuden martxan, 400 herrietatik 105etan banaturik. Erdia Amsterdamen, Rotterdamen eta La Hayan zeuden. Oraingo Gobernuak ordea, Amsterdamgo Auzo Gorriko coffee-shopak eta prostituziorako lokalak itxi nahi ditu, delinkuentzia areagotzen dutela eta. Horrez gain, eskoletatik 250 metrora baino gertuago dauden lokal guztiak ixtea erabaki du.
Belgikako mugatik 10 kilometrora Terneuzen hiria dago. Hango Checkpoint coffee-shopa ezaguna da oso, batez ere turista belgikarren eta frantsesen artean. Baina lokal horren etorkizuna kolokan dago. Herbeheretako legeek argi uzten dute pertsonako 5 gramo cannabis baino gehiago izatea debekatuta dagoela. Bestalde, 500 gramo edo bost landare dira lokal batean saltzeko eduki daitezkeen kopururik handienak. Arazoa zera da, coffee-shopak ixten ari diren neurrian ez direla kontsumitzaileak gutxitzen. Ondorioz, egunetik egunera gero eta saltoki gutxiagotan gero eta cannabis gehiago pilatzen da. Checkpoint coffee-shoparen inguruko etxe batean 92 kilo cannabis aurkitu zituen poliziak. Jabeak argi adierazi zuen: eguneko 2.500 bezerorekin, 92 kilo cannabis eskas geratzen dira astebeteko eskaera asetzeko. Legearen aurrean berriz, eskala handiko droga trafikoa da. Beraz, Checkpoint arriskuan egon liteke.
Coffee-shopen aldekoek berriz, argi adierazi nahi izan dute lokalak ixtea ez dela soluzioa. Guztiz kontrakoa lortuko dela uste dute gainera. Izan ere, delinkuentzia gutxitu beharrean areagotu egingo dela defendatzen dute, kontsumitzaileen aldetik eskaerak ez baitu behera egingo, eta ondorioz, saltoki gutxiago izanda kalea bera bihurtuko delako legez kanpoko merkatu.
Gauzak ez daude oraindik oso argi eta ikusteko dago zer gertatuko den azkenean. Zuri-beltzean egindako argazkian giroa “poztu” eta “alaituko” duen puntutxo gorriren bat geratuko al da bederen!