Gaur preso dagoen Gorka Lupiañez Guardia Zibilak torturatu egin zuen 2007an zortzi egunez atxilotuta eduki zuenean, hala ebatzi du Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak. Honek, biktimarentzako erreparazioa eskatzeaz gain, berriro oroitarazi dio Espainiako Estatuari atxilotuak inkomunikatuta edukitzeari utzi behar diola.
2007ko atxiloketa bati lotutako erreklamazioa da honela ebatzi duena Geneban (Suitza) egoitza daukan Giza Eskubideen Batzordeak. Abendu hartan zortzi egunez galdekatu zuten Guardia Zibilaren egoitzan eta Gorka Lupiañezek geroago salatuko zuen klase guztietako tortura basatiak eragin zizkiotela, bortxaketa barne. Orain NBEen erakunde berezi horrek –Berria-k Interneten plazaratu duen ebazpenean irakur daitekeenez– aldeko 18 botoekin eta kontrako iritzi bakarrarekin erabaki du sinesgarriak direla Lupiañezek salatuak eta Espainiako Estatuak urratu egin duela giza eskubideak bermatzeko sinatuta daukan ituna.
Giza Eskubideen Batzordearen ebazpeneraino heldu den prozesu luzea Gorka Lupiañezen aitak abiatu zuen, semeak espetxean kontatu zizkionak Bilboko auzitegian salatu zituenean. Batzordeak bere ebazpenean egiten du salaketak auzitegietan egin duen ibilbidearen kontaketa zehatza eta bertan nabarmena da ETAkoak izateko akusaziopean atxilotutakoek beren prozesuetan eduki duten berme falta: epaitegi batek ez du erantzuten, hurrengo urratsean abokatuari ez zaio deitzen, torturak eragiteaz salatutako guardia zibilei kuartelean hartzen zaie deklarazioa salatzailearen abokatua aurrean egon gabe... Bizkaiko auzitegiak ere ez dira gelditzen oso leku politean NBEen Giza Eskubideen Batzordeak ebazpenean egin duen kontakizunean.
Gorka Lupiañez Topas (Salamanka) herriko kartzelan ari da betetzen Audientzia Nazionalak ezarritako 50 urteko zigorra. 2007ko abenduan Madrilgo Gobernuan Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) zen lehen ministro eta barne ministro, berriz, hil berria den Alfredo Perez Rubalcaba.