Kontseiluak oso larritzat jo du Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia eta "estatuaren eskuhartze" bat dela adierazi du. Baldintza 2017ko ordenantzan jarri zuen Lasarte-Oriako Udalak, Jesu Zaballos (PSE-EE) alkate zela, hizkuntza gutxituen aldeko neurri gisa.
EAEko Auzitegi Nagusiak Lasarte-Oriako Udalaren aldeko epaia eman ondoren, Gorenak baliogabetu egin du udal diru-laguntzak jasotzeko haurrentzako jarduerak euskaraz egitea derrigortzen duen baldintza, euskaraz ez dakitenen aurkako berdintasun printzipioa urratzen dela argudiatuta.
Kontseiluak oso larritzat jo du erabaki hori, estatuaren "eskuhartzea" dela uste du eta ulergaitza deritzo: “Udalak irizpide hori ezartzeko justifikazio objektiboa eta arrazoizkoa baliatu zuen. Eskualde edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak jaso bezala, egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea ezin da diskriminaziotzat jo”, azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.
Azaldu duenez, jarduerak 16 urtetik beherako gazteei dagozkie eta "legearen arabera derrigorrezko hezkuntza amaitzen duten gazteek gaitasun egokia beharko lukete hizkuntza-ofizialetan. Hartara, hori horrela ez bada, eskua sar dezatela hezkuntza sisteman hor ere diskriminaziorik egon ez dadin, eta berma dadila gaitasun egokia dutela derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan".
Kontseiluaren ustez euskararen normalizaziorako bidean beste oztopo bat da epaia, eta hezkuntza formaletik haragoko jarduerek normalizaziorako hartu duten garrantzia ikusita "galga" jarri nahian dabiltzala uste du.