argia.eus
INPRIMATU
Agiri guztiak eskuratuta Gora Iruñea jai gunea muntatzen hasiko da
  • Agiri guztiak eskuan izan arte Gora Iruñea plataformari Sanferminetarako jai gunea muntatzea galarazi diote goizean udaltzainek. Arratsaldean ordea, falta ziren tramiteak beteta, 15:30etan ekin diote jai gunea auzolanean eraikitzeari. Twitter bidez jakinarazi dute berria. Beharrezkoak diren izapideak eginez gero, gunea jartzeko baimena emango zitzaiela agindu zien Fermin Alonso Iruñeko Kultur zinegotziak Gora Iruñea herri ekimeneko kideei.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko uztailaren 02a
Aurten bai! lelopean egitarau zabala prestatu dute Gora Iruñeako kideek.

Gora Iruñea lehiaketara aurkeztu zen iaz, baina eskaintza zabalena izan arren puntu gutxienak jaso zituzten Udalaren aldetik eta iruzurra salatu zuten kideek. Hala, aurten ez dira lehiaketara aurkeztu baina hutsik geratu da deialdia. Gunea jartzeko asmoz, Enrique Maya alkatearekin bildu nahi izan zuten, baina aste honetan ezin zuela bildu erantzun zien alkateak. Kultur zinegotziak telefonoz baieztatu zien, hala ere, gunea lortzeko bide administratiboa zabaldu zuela. Era berean, PSN eta Bildu oposizioko taldeek jakinarazi zieten Kultur zinegotziak esan zuela baimena jasoko zutela, paper guztiak ongi beteta eramanez gero.

Hortaz, badirudi aurten gunea izango duela Gora Iruñea taldeak. "Uztailaren 6tik aurrera eta uztailaren 14ra arte, zorionez, eta behingoagatik, jai gune herrikoia, euskalduna eta parekidea izango dugu Sanferminetan", adierazi du Xabier Garcia Gora Iruñea plataformako ordezkariak.

Aurte bai! lelopean, egitarau zabala prestatu dute. Bi agertoki jarriko dituzte Runa parkean, handia (kontzertuetarako) eta txikiagoa (bertsolariak, pailazoak eta bestelako ekitaldiak antolatzeko), eta sukaldea eta jantokia ere izango dituzte.

Twitterren Gora Iruñeari buruzko txioak ondoren.