Gora egin du mutilek ez dantzatzeko presio sozialak?

  • Zer gertatzen zaio mutila jaio eta haurtzaroan, futbola edo maskulinitatearen eredu den kirolen bat aukeratu beharrean dantza aukeratzen duenari? Gutxi dira dantza ikastera animatzen diren mutikoak eta behin adin batera iritsita gehienek utzi egiten dute. Presio soziala indartzen ari dela salatu dute dantzaren alorreko zenbait kidek. Genero estereotipoen eragina gero eta jasangaitzagoa da mutilentzat. Gero eta zailagoa gertatzen da mutilek dantzan egitea estigma eta bazterketa soziala sufritu gabe. 


2017ko ekainaren 27an - 12:42
Maitaldia, Malandain Ballet Biarritz. Baiona, 2015-09-11. Argazkia: Iñaki Zugasti / Dantzan.eus (CC-BY-SA)
Presiotik bullyngera

Dantza egiteagatik bullynga jasan izan duten mutilen testigantzak eta dantzaren alorreko zenbait profesionalen kezkak jaso ditu Iker Tubiak Berria egunkarian mutiko dantzarien inguruan argitaratutako erreportajean. Bullynga batzuetan, gutxiespena bestetan, baina arazo nagusia "mutilak dantzan ez aritzeko dagoen presio soziala" azpimarratzen da bertan. 

Igor Yebrari Dantzan.eus-en egindako elkarrizketan jasotako hitzak ere bildu ditu Berriak. Umetan, dantzan aritzeagatik beste umeek gauza larriak egiten zizkiotela kontatu zion Yebrak Iratxe de Arantzibiari eta horren ondorioz eskolako lagunik ez duela gaur egun.

Billy Ellioten sindromea

Badirudi dantza egiteko gogoa sozialki defendatzeko arazo handienak balletean izaten dituztela mutilek. Ez da oraingo kontua hau. Ion Beitia ballet dantzari eta irakasle handiak dantza utzi zuen hamabi urterekin "eskolan kideak ixeka egin eta jo egiten baitzuten balletean aritzeagatik". Etxean futbolerako tradizioa zuten (aita Vizcaya taldean jokalari, osaba eta lehengusuak Athletik-en... ), dantzaria izatea maritxu izatea zela erizten zioten familian eta uzteko esaten zioten. "Beste Billy Elliot bat? Beitiak zioen Billy Elliotena baino okerragoa izan zela berea....". Presioak gainezka egin zion eta hamabi urterekin dantza utzi zuen. Baina bi urtera euskal dantzan hasi zen berriz, eta hamabost urterekin etxetik alde egin zuen ballet dantzari izateko bere ametsa bete nahian. 

Asko dira Billy Ellioten sindromea aipatzen duten dantzariak, eta askotan beraien kasua hori baino okerragoa dela azpimarratzeko. Orain urte batzutako elkarrizketan, hamairu urteko mutiko dantzariak aitortzen zuen eskolan iraindu egiten zutela balletean aritzeagatik. Batzuren kasua ez da hain gordina izaten, baina lanak ematen dizkie gurasoak konbentzitzea. Mikel del Valle dantzari bilbotarrak gogoratzen du aitak ez zuela ulertzen dantzari izan nahi zuenik eta karate egitera bidali zutela berak eskatzen zuen balletaren ordez. 

Mutilena futbola da

Mutilak, dantza eta bazterketarekin jarraitu du Manex Agirrek egun batzuk geroago Berrian argitaratutako artikuluan. Mutilek dantza ez aukeratzeko arrazoi asko zerrendatu daitezke baina oinarrian arrazoi bakarra dagoela dio: genero-bazterkeriaren mamua. Mutilena futbola da eta ez dantza. Agirrek, 1970eko futbol partidak erreparatzeko gonbita egiten du. Agian uste baino gertuago daude futbolariek eta dantzariek egiten dutena.

Artikulu hau Kattalin Agerrek argitaratu du dantzan.eus-en eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Generoa
Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


Eguneraketa berriak daude