Laguntza eskatzen dutenen artean, ordea, askoz gehiago dira gizonezkoak oraindik ere. EAEn geroz eta jende gehiagok ikusten du begi onez jokoan aritzea, Euskal Behatokiak argitaratu duen txostenak dioenez.
Geroz eta gehiago dira jokoan aritzen diren emakumeak EAEn, eta oraindik gizonak gehiengoa badira ere, ia berdindu egin da kopurua azken hiru urteetatik hona. Hala ondorioztatu du Jokoaren Euskal Behatokiak egindako Emakumeari eta jokoari buruzko panoramika izeneko txostenak. 2019tik 2022 urtera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izan diren aldaketak jaso ditu ikerketak.
Ikertzaile taldeak hainbat iturritatik atera ditu datuak; hots, Jokoaren Euskal Behatokiaren txostenak eta Ikuskizun Sailaren memoriak erabili ditu, eta harremanetan jarri da sektoreko zenbait enpresa eta errehabilitazioko elkarteekin. Horren arabera, lautik hiruk onartu du jokatu egin duela 2022an, 2019an baino hamar puntu gehiago. Generoari behatuta, igoera handiena emakumeen artean izan da: 2019an %65,2 ziren jokatzen zutela onartzen zuten emakumeak, eta 2022an %75,3. Gizonen kasuan, %69,9tik %77,5era igo da portzentaia azken hiru urteetan.
Egunero edo astero jokatzen duten pertsonen kopuruak ere gora egin du 2019tik 2022ra. Kasu honetan ere gehiago dira gizonak. Hots, sarri jokatzen duten gizonak %14,7tik %32,3 izatera igaro dira; emakumeak, aldiz, %13,7tik %24,1era.
Txanpon-makinetako irudiak ere aztertu ditu ikerketak, eta, dioenez, EAEko txanpon-makinen %60k emakumeen irudi sexualizatuak proiektatzen ditu.
Geroz eta balorazio hobeak
Geroz eta onarpen handiagoa du jokoak EAEn. Izan ere, 2022an erantzun dutenen artean, gehiago dira jokoa "ona edo oso ona" dela erantzun dutenak, eta gutxiago "txar edo oso txar" gisa kalifikatu dutenak. Gora egin du jokoaren inguruko iritzi finkorik ez dutenen kopuruak ere, hau da, "ez ona, ezta txarra ere" erantzun dutenenak. Jokoaren inguruko pertzepzioan, ordea, kritikoagoak dira emakumeak: %49k uste du jokoa "txarra edo oso txarra" dela, gizonezkoen %44en ondoan. Gainera, jokoa "ona edo oso ona" dela uste dutenen artean, gizonak dira gehiengoa (gizonezkoak %12,5 eta emakumezkoak %11,3).
Alde handia autodebekuan eta laguntza profesionalean
Beren buruari jokoan aritzea debekatzen dioten pertsonen artean, edota laguntza profesionala eskatzen dutenen artean, askoz gehiago dira gizonezkoak. Hasteko, EAEko joko-galarazpenen erregistroan izena emanda daudenen artean, gizonak dira bostetik lau.
Erregistro horretan izena ematen dutenek ezin izaten dute sartu sarrera kontrolatzeko sistemak aplikatzen dituzten jokolokaletan, ezta autonomia-erkidegoaren eskumeneko joko-webguneetan ere.
Bestalde, elkarteetan laguntza eskatu dutenen artean, %11 baino ez dira emakumeak, eta %89 gizonak.