Gomazko pilotak guztiz debekatzeko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari, Bilbon egindako prentsaurrekoan. Joseba Nafarrate, Xuban Nafarrateren aitak irakurri du eskaera, eta harekin batera agertu dira hedabideen aurrean Manu Cabacas eta Fina Liceranzu –Iñigo Cabacasen gurasoak–, 1995ean gomazko pilotakada batek hildako Rosa Zarraren alargun Xabier Irazusta, eta beste pilotakada baten erruz begi bat galdu zuen Mikel Quintela.
Ertzaintzari gomazko pilotak erabiltzea guztiz debekatzeko EH Bilduren legez besteko proposamena eztabaidatuko da ostegunean Gasteizko Legebiltzarrean, eta horren bezperan egin dute eskaria biktimek. Debekua inolako baldintzarik gabe ezartzea eskatu dute.
“Rosa Zarraren eta Iñigo Cabacasen heriotzak, eta beste askori eragindako zauri larriek frogatu egin dute gomazko pilotak material hilgarria direla, hil egiten dutela. Tragikoa litzateke horrelako beste gertakari bat Eusko Legebiltzarraren babespean gertatzea”, esan du Joseba Nafarratek.
Pilotak erabiltzea arduragabekeria politiko eta sozialtzat jo du Nafarratek. Hala ere, adierazi du, biharko eztabaidaren ondorioa izan daiteke haiek erabiltzeko aukera bere horretan mantentzea.
EH Bilduk, eztabaida proposatu duen taldeak, erabateko debekua eskatzen du. Haren testuari osoko zuzenketa bana aurkeztu diote EAJk, PSE-EEk eta UPyD. Azken biak gomazko piloten ordez bestelako material errepresiboa erabiltzearen alde agertu dira –sozialistek gomazko piloten erabilera murrizteaz mintzo dira–.
Jeltzaleen testuak, aldiz, ate guztiak uzten ditu zabalik, pilotak edo bestelako materialik zehazki aipatu gabe. Pertsonen segurtasuna eta ordena publikoa bermatzeko bitarteko egokienak erabil daitezela eskatzen du EAJk, besterik gabe. Helburuen eta neurrien arteko proportzioari eutsiz, hori bai.
“Aditz egokia ez da murriztu”, esan du Joseba Nafarratek, “baizik eta oztopatzea debekatzea, erretiratzea”. Gomazko pilotak erabiltzen jarraitzea errusiar erruletan jokatzearen parekotzat jo du Xuban Nafarrateren aitak. “Iñigo Cabacasen heriotza azken irakaspena izan dadila eskatzen dugu, eta berme bakarra da gomazko pilotak sekula berriro ez erabiltzea, ezta egoera 'berezietan' ere".