argia.eus
INPRIMATU
Gomazko pilotakada batez futbolzale bat hil du poliziak Argentinan
  • Poliziak jaurtitako gomazko pilota batek pertsona bat hil du La Plata (Argentina) inguruko futbol estadio aurrean. Atzo, Estudiantes eta Lanús taldeen arteko norgehiagoka hastear zela, istiluak izan ziren bi taldeetako jarraitzaileen artean, poliziak esku hartu zuen eta tiroak 42 urteko Javier Jerez hil zuen.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko ekainaren 11

Javier Jerez ospitalera eraman zuten, bularrean gomazko bala baten talka zuela, baina dagoeneko hilda zegoen medikuek artatu ahal izan zutenerako. Lekukoek ziurtatu dutenez, Buenos Airesko probintziako Poliziarengandik jaso zuen tiroa. Ondorioz, hiru agente atxilotzeko agindua eman zuen probintzia horretako Justizia eta Segurtasun Ministerioak.

Jarraitzaileen arteko liskarra partidua hasi aurretik piztu zen, estadioan sartzeko segurtasun kontrolean. Atsedenaldian, norgehiagoka bertan behera uztea erabaki zuen arbitroak.