argia.eus
INPRIMATU
Hiru gai polizia eredua birpentsatzeko
Laia Serra / Carla Vall 2013ko azaroaren 19a
Poliziak erabilitako gomazko pilotak eta balak. (Arg: Stopbalesdegoma)

La Directa argitaratu dute: 'Gomazko piloten inguruko zenbait hausnar'. Guk zati esanguratsuenak euskaratu ditugu.

Zenbait gogoeta plazaratzeko garaia heldu da. Hiru gai nagusi hartuta ardatz: polizia eredua, gomazko pilotak eta inpunitatea.

Polizia eredua

Kezkagarria da oso polizia ereduaren inguruko eztabaida sozial eta politikoaren falta.

Iragan hamarkadan, atzerakorik ez duten hainbat zauri larri eragin dituzte pilotek Katalunian. Adibidez, 2012ko azaroaren 14an, greba orokor egunean, Ester Quintana manifestariak begia galdu zuen, proiektil baten kolpea zela eta. Oraindik ere, mossoek ukatu egiten dute gomazko pilotak erabili zituztela. Horri erantzunez, Stop Bales de Goma eta Ojo Con Tu Ojo ekimenek poliziaren bortizkeria salatu dute. Hala, Kataluniako poliziaren jokaera ezbaian paratu eta eztabaida gizarteratu dute.

Eztabaida horren sakona eta bizia izan da, ezen Parlamenturaino heldu dela. Bertan, batzordea sortu dute, poliziak zein material erabili beharko lukeen erabakitzeko. Planteamendu horrek, baina, beste hainbat gauza azaleratu behar ditu: mossoen sinesgarritasun falta, korporatibismoa, opakotasuna…

Izan ere, hika-mikak poliziaren barne-funtzionamendua bera jartzen du zalantzan: besteak beste, zein balore dituen, nola egiten duen lan eta gehiegikeriz jokatuz gero zeinek hartzen duen ardura.

Aipatutakoak ez dira poliziaren ezaugarri berriak; baina erantzuteko erak bai: elkartasuna sortu eta harilkatzeko prozesuak, sarea osatzeko formak, hedabideek sare sozialen bitartez egindako jarraipenak…

Herritarrek ez dute inoiz babestu istiluen kontrako materiala, zauri sendagaitzak sor ditzakeelakoan.

Azken gertakarien ondorioz, hauskortasun demokratikoaz jabetu da gizartea, eta ez du onartuko politikariek polizia kontrolatzeko gaitasunik eduki ez izana. Estamentu politikoek ezin dute ahalbidetu legea betetzearen alde egin beharko luketenek legearen aginpideetatik at jardutea.

Gomazko pilotak

Poliziak kale istiluak disolbatzeko erabiltzen ditu pilotak, baina gerra eremuetan erabiltzeko sortutako munizioa dira.

Logikak diosku ez dela zilegi pilotak botatzea, baldin eta jaurtitzen dituen pertsona identifikatzerik ez badago. Horregatik, Parlamentuaren ardura da mugak ezartzea.

Eztabaidak ez du soilik finkatu behar zein material erabili, nola erabili ere esan behar du. Izan ere, pilotak behar ez zen angelu eta distantziatik bota izan dituzte, baita ke poteak ere. Mossoei piloten ordezkapenerako ematen zaien materiala edozein dela ere, giza eskubideen kontrako mehatxua izan daiteke, ez badute zorroztasunez eta zuhurtziaz erabiltzeko exijitzen.

Inpunitatea

Ezin da baimendu gehiegikeriaz jokatzen duten poliziak zigorrik gabe geratzea.

Gai hauei irtenbidea emateko, herritarrok erantzun argia eskatu behar diegu estamentu politiko, juriko eta polizialei. Polizia eredua birpentsatu behar dute, eta mugak ezarri. Hori osasun demokratikoaren ezaugarri izango litzateke.

Bukatzeko, esan behar dugu gomazko pilotak debekatu izana garaipena dela –berandu datorren arren–. Orain, lanean jarraituko dugu, gure eskubideak urratzen dituzten erabaki politiko eta polizialak salatzen.