"Ez dakigu desobedientziaren bideak nora eramango gaituen, obedientziarenak bai"


2014ko urtarrilaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Hiru hilabete ezkutuan eman ondoren, larunbatean agertu ziren jendaurrean Goizane Pinedo eta Unai Ruiz 'Pou' gazteak.

"Ez dugu Auzitegi Nazionala onartzen, salbuespen-auzitegia den heinean", azaldu dute Gasteizko bi gazteek Hala Bedi irratian. "Desobedientziaren bidez kalea astindu nahi genuen, herria mugiarazi, errepresioa azaleratu... Ez dakigu desobedientziaren bideak nora eramango gaituen, baina obedientziarenak bai: Auzitegi Nazionalera, espetxera. Agian desobedientziarenak ere hara eramango gaitu, baina borrokaren, herri aktibazioaren ondorioz izango da".

Helburuetako bat jendea "aktibatzea" zela diote, eta neurri batean lortu dutela, ezkutuan ziren bitartean han-hemenka egindako agerraldien bidez, esaterako. "Jendearentzat txutea da zurekin hitz egin ahal izatea, besarkadak trukatzea... Horregatik azaldu gara jendaurrean: jendeari desobedientziaren inguruko azalpenak emateko, herria aktibatzeko. Ezkutuan geundenon lauon artean elikatu dugu dinamika hori".

Bizitza talegeroa

Ia 100 egun eman dituzte ezkutuan, hainbat herritarren etxeetan gordeta. "Gogorra" izan dela diote, apenas izan dutelako aukerarik lagun, senide eta bikoteekin hitz egiteko. "Nahiko bizitza talegeroa izan dugu", esan du Pinedok. "Azkenerako, espetxera joateko gogoz geunden, patioan haizea hartu ahal izateko, hankak luzatzeko, gorputza mugitzeko. Jendaurreko agerraldietara joaten ginenean neka-neka eginda itzultzen ginen".

"Guk erabaki dugu noiz atxilotu. Pentsatzen genuen lehenago harrapatuko gintuztela, baina...".

Sei urteko epetxe zigorrari egin behar diote aurre orain. "Gainerako 36etatik aparte epaituko gaituzte, ez dakigu noiz, eta ezinegona sortzen du horrek".

"Tamalez, Euskal Herrian ohituta gaude lan politikoagatik zigorrak pairatzea, baina ez da normala", kexu da Ruiz. "Edonor izan liteke hurrengoa, 200 bat lagun gaude epaiketen zain. Aski da".

"Atxilotzen gaituzte zerbait ongi egiten ari garelako, gazteak aktibatzeak min ematen dite", gaineratu du Pinedok. "Badirudi orain presoen gaiak ematen diela min gehien, eta hor jotzen dute. Gazteen auzia hor dago, ordea...".

2009an atxilotu zituzten aurrenekoz

2009an ere atxilotu zituzten Segiko kide zirela egotzita. Poliziak haien etxeetara joan zireneko uneak benetan gogorrak izan zirela diote, baita ondoren sufritutakoak ere. Tratu txarrak jasan zituztela salatu dute, haien aurkako froga gehienak "torturapean" lortu zituztela. Hamasei hilabete eman zituen espetxean Ruizek, ia urtebete Pinedok.

2013an, 40 gazte epaitzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, 26/11 sumarioaren barruan. Haietako lauk uko egin zioten Auzitegira joateari eta ezkutatzea erabaki zuten: Ruizek eta Pinedok, hilaren 9an atxilotu zuten Irati Mujikak, eta oraindik ezkutuan dagoen Idoya Iragorrik.

Larunbatean giza-katea Gasteizen

Larunbatean giza-katea egingo dute Gasteizen, epaiketa zein atxiloketak salatzeko. 3.000 lagun biltzea da antolatzaileen asmoa. Bertan parte hartzeko deia luzatu dute Goizane Pinedok eta Unai Ruizek. Era berean, eskerrak eman dizkiete denbora honetan guztian laguntza eskaini eta babesa azaldu dieten herritar guztiei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Desobedientzia zibila
2024-04-10 | ARGIA
Eragozpen fiskala bultzatzeko kanpaina abiatu dute, herritarren dirua ez dadin gastu militarrera bideratu

Gerra hots eta karrera armamentistiko betean, eragozpen fiskalera animatu ditu herritarrak KEM-MOC talde antimilitaristak, errenta aitorpena egiterakoan gure dirua ez dadin erabili gastu militarra handitzeko. Herritarrei laguntzeko bulegoak ireki dituzte EAEko hiriburuetan eta... [+]


Blokeo egunaren harira, gibelapenezko 800 euroko isuna jaso dute bederatzi bakegileek

Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.


Euskarazko brebeta azterketen emaitzak banatzeko ekitaldia eginen dute uztailaren 12an elkargoan

Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin, euskaraz erantzundako zientzietako azterketen zuzenketa antolatu dute asteartean Baionako Arteen Hirian, eskatzen diren baldintzak errespetatuz.


2022-07-04 | Hala Bedi
Peio Jorajuria (Seaska)
"Bide guztiak itxiak zirenez desobedientziaren bidea hartu dugu"

"Duela gutxi arte osoki euskaraz egiten zuten gure ikasleek brebeta eta orain zientzietako froga euskaraz egitea debekaturik dugu".


Eguneraketa berriak daude