argia.eus
INPRIMATU
Gogoeta prozesua amaituta, “erabakiaren aroari” begira jarri da Gure Esku Dago
  • 'Eskura' prozesua amaitutzat eman du Gure Esku Dago (GED) ekimenak. Behin betiko testua bozkatu eta 75 kideko zuzendaritza berria hautatu du Gasteizen egindako ezohiko bileran. Bi hilabete iraun dituen gogoeta prozesuaren emaitzak aurkezteaz landa, etorkizunari begira ere jarri da: lehen urratsa tokian-tokiko erabakitzeko adierazpenak bultzatzea izango da, ondoren Euskal Herriko ituna egiteko.   

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 23a
Gogoeta prozesuaren baitan gauzaturiko eztabaida txostenak “adostasun ia guztizkoa” izan duela nabarmendu du Gure Esku Dago-k. (EFE)

Gogoeta prozesuaren baitan gauzaturiko eztabaida txostenak “adostasun ia erabatekoa” izan duela nabarmendu du GEDk. Testuak dinamikaren egitekoari, jarduteko moduari, antolamenduari eta finantziazioari buruzko  puntuak jaso ditu. Bileran antolamenduari buruzko emendakin bat bozketara eraman du, bi bertsiorekin: jatorrizkoa eta alternatiboa. Bertaraturikoak bigarrenaren alde agertu dira.  

Angel Oiarbide GEDko bozeramailearen esanetan, 'Eskura' prozesuaren ondotik “hasiera eman zaio erabakiaren aroari”, datozen bi urteetan Euskal Herriko egitura instituzionala zehaztuko duten “inflexio puntuak” egongo direlakoan. Horren aurrean, Oiarbidek azaldu du  GED prest dagoela “artekari” lana egiteko, eta horretarako tresna  izango duela Gasteizko bilkuran adostutako bide orria.

Tokian-tokiko adierazpenak, herri galdeketak eta erabakitzeko ituna

“Aro berri” horretan tokian-tokiko adierazpenak egitea izango da lehen pausoa. Oiarbideren hitzetan, adierazpen horiek herri bakoitzaren errealitatera egokituko dira, eta “bertako herritarren borondatearen arabera” osatuko.

Gainera, erabakitze eskubidearen inguruko adostasuna zabala den lekuetan herri galdeketak egingo dira; Gipuzkoako Goierrin, adibidez. Hilaren 28an batzar irekia egingo dute Lazkaon, eman beharreko pausoak zehazteko. Ispaster eta Diman ere galdeketak egitea aurreikusten da.

Behin tokian-tokiko adierazpen guztiak burututa, erabakitzeko ituna taxutuko dute. Honek 2018an egin asmo duten erabakitzeko eskubidearen gauzapena ahalbidetuko du. Oiarbidek azaldu duenez, 2018a ez da “totem” bat, “lanerako erreferentzia” baizik.

Hemen Goierriko Gure Esku Dagok prozesuan parte hartzeko eginiko deialdia: