Gobernu independentistaren orena da Katalunian. ANCk iragarri du otsailaren 28an manifestazioa egingo duela honen alde. 2010ean 135 diputatuetatik hamalau ziren alderdi independentistetakoak, orain 75.
Badu azalpena kontuak, CiUkoak ziren 62, horien artean Carles Puigdemont, eta beste hainbat independentista ere izango ziren multzo handi horretan. Azken hiru hauteskunde autonomikoetan –2015, 2017 eta 2021–, gehiengo osoz irabazi dute, aise. Gobernu ez independentista, beraz, lekuz kanpo dagoela dirudi.
Bere lekuan dagoena Espainia da: hauteskundeak otsailaren 14an egitea Kataluniako Auzitegi Gorenak inposatu zuen. Kanpaina preso politikoekin egin dute, kartzelatik sartu-irtenean ari zirela, eta egungo parlamentarien %5ek erreferendumaren errepresioari lotutako auzi judizialak ditu.
Baina JxCat eta ERC oso gaizki moldatu dira azken koalizio gobernuetan. Begi bistakoa izateaz gain, Puigdemontek ere hala azaltzen du M’explico. De la investidura a l’exili liburuan, oso gordin gainera. Presidenteak behin eta berriz jotzen du Oriol Junqueras eta ERCren aurka, erreferendumaren aurretik hura egiteko agertzen zituzten zalantzengatik, erreferendumaren ondorena prestatu ez zutelako eta Puigdemont bera bakarrik utzi zutelako. ERCko buruzagien salaketa JxCati ere argia da: “Baina zer uste dute, herrialdea beraiena dela, ala?”. Hala ere, gobernua osatu beharko dute, eta orain nahi dute CUP ere barruan egotea. Hauek prest agertu dira, baina, logikoa denez, baldintzak ez dira makalak, bereziki orain, kale istilu berrien karietara, Mossoen birmoldaketa sakona eskatu dutenean.
Beste gobernu aukera bat: ERC, En Comú eta CUP (eta CUP gabe ere bai). Baina, En Comúren jarrera ikusita, gaitza da irudikatzea nola goberna dezakeen halako exekutibo batek independentziarantz. Hasteko, PSCren abstentzioa beharko luke. Eta gobernagarritasunari begira, batzuetan sozialisten sostengua eta besteetan JxCatena beharko luke. Edozein kasutan beti gobernu ahula litzateke.
Urriaren 1aren ondoren, proces-a noraezean dago, bistan da, baina hortxe daude, aurrera egiteko prest, nola egin asmatu ezinean. 2010eko uztail hartan estatut-ari Madrilek egindako orrazketaren aurka Bartzelonan ia milioi bat pertsona kalera atera zenean, inork gutxik irudikatuko zuen hurrengo hamarkadan biziko zutena. Urrats erraldoia eman dute, baina nola jarraitu? Adostu egin behar, ez dute beste erremediorik, bakarka ezin dute. Funtsean, adostu beharko dute epe ertainera begira zein den estatuarekiko izan beharreko konfrontazio maila jasangarria; aurrera egin aldi berean independentismoaren zorua zabalduz. Gobernua eratu behar dute, baina kalearen bultzada barik proces-a kale itsura doa. Zoritxarrez, ez da jaio oraindik, arazoari irtenbide demokratikoa emango dion Espainiarik.