Gobernu programa adostu dute Nafarroan

  • Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak prest dute Nafarroako Gobernuaren gobernu programa. Sei lantalde aritu dira edukiak jorratzen azken bi asteetan eta ondoren mahai orokor batean landu dituzte adostasun eta desadostasunak.


2015eko ekainaren 30an - 12:43
Alderdiek astearen hondarrean aurkeztuko dute gobernu programa. Arg: (Geroa Bai.com)

Lau alderdiek oso balorazio ona egin dute lortutakoaz eta lau urterako aduki nahiko adostu dutela iritzi diote. Dena ez da adostu, ordea, eta desberdintasunen artean dira, esate baterako, hizkuntza politika (1986ko Euskararen Legearekin jarraitu edo berria egin), AHT, itunpeko ikastetxeak gehiago zabaldu edo ez, ikastolekiko laguntza bereziak, enplegu politika aktiboak (orain arte UGT, CCOO eta CEN enpresarien elkarteak bideratutakoak), Nafarroako Unibertsitatea Klinika eta beste hainbat. Garrantzitsuak dira, baina ez ezer oztopatzeko gisakoak.

Baina nola kudeatu behar dira desberdintasun horiek? Gaurko Diario de Noticias egunkariak argitaratu duenez, Ahal Duguk bozketa haztatua proposatu du, hau da, bakoitzak duen boto ordezkaritzaren araberakoa.

Egunkariaren arabera, beste taldeak ez daude ados, batzuetan balio dezake formula horrek, baina inposaketa ekar dezakeela iritzi diote eta hainbatetan ados ez diren kontuak onartu beharra. Gaur segituko dute lantzen gaia lau alderdiek. Edonola, programaren betetze maila jarraituko duen batzorde bat izatea adostu dute eta orain nola jardungo duen zehaztu behar dute, osaketa, gobernuarekiko harremana eta abar.

Zamarik ez gobernuarentzat

Azken urte luzeetan diru galera publiko handia  ekarri duten –edo ekar dezaketen– proiektu asko ere mahai gainean jarri dira: zer egin Navarra Arenarekin, Nafarroako Ubidea, Senda Viva, Los Arcoseko Zirkuitua, Gendulain, itzaletako hainbat bide-sari edo gisa horretako beste hainbat proiektu garesti eta defizitariorekin?

Oro har, negoziatzen ari diren alderdiek proiektu ia guztiekiko ikuspegi oso kritikoa izan dute oposizioan izan direnean, baina orain ez dakite bakoitzaren egiazko egoera zein den. Lehenik, beraz, proiektu bakoitza aztertzea adostu dute eta ondoren erabakitzea, baina oro har irizpide batekin: proiektuokin aurrera jarraitzea hauetakoren bat itxita mantentzea garestiago bada, edo administrazio publikoarekiko karga ez badira. Orain arteko horietako zenbaiten ibilbidea ikusita ez da erraza izanen, Nafarroako Gobernuaren dirua giltzarri izan baita, bai horietako hainbat abiatzeko bai irauteko.

Gobernu eraketarako egutegia

Gobernu programari dagokion guztia aste honetan itxiko da. Astearte eta asteazkenean behin betiko dokumentua eginen da, ondoren indar politiko bakoitzak berean jorratzeko aukera izanen du eta ostiral edo larunbatean publikoki aurkeztuko da.

Asko hitz egin da Uxue Barkosen lehendakari izendapena Sanferminen aurretik eginen zen ala ez, baina argi da ezin dela. Aste honetan programaren fasea amaituko da, uztailaren 6an Sanferminak hasten dira eta uztailaren 15etik aurrera Ainhoa Aznarez Legebiltzarreko lehendakariak Uxue Barkos lehendakaria deituko luke gobernu eraketa agintzeko. Ondoren Barkosek hamar egun izango ditu kargua hartu eta gobernua osatzeko. Beraz, pentsa liteke uztailaren 25aren bueltan gobernua osatua izango dela.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Gobernua
Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Opus Deiren bi ikastetxe segregatzaileri DBHko ituna kenduko die Nafarroako Gobernuak

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek 1965az geroztik dauzkate ikasleak banatuta.


Eguneraketa berriak daude