argia.eus
INPRIMATU
Goazen harrokeria kontsumitzera!
  • Etxean zabor anitz izateak nazka eragiten du, zikinkeriaz lepo egoteak botagura, zarata ugari entzuteak ezinegona, hautsa baino produktu gehiagoren jabe izateak harrokeria…

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2015eko otsailaren 12a

Hau da gizakiaren bizi zikloa, krisi ekonomiko eta sozialaren erdigunean gaudenon errutina. Ba al dugu bizitza sozialik? Aske al gara? Gurea errutina industriala besterik ez dela esango nuke.

Pertsonok lan egin ahal izateko ikasten dugu. Egungo egoeran lana aurkituz gero, zorionekoak izango gara eta guk geuk produzituriko produktuak kontsumitzeko dirua izango dugu. Hori bai, gure baliabide ekonomikoek ez gaituzte inoiz total beteko, guztiok nahi baitugu herriko harroenak izan. Baina, zein da sistema programatu honek langabetuei egokituriko etorkizuna? Etxe kaleratzeak, jakien urritasuna, bankuen menpe bizitzea …  Mehatxupean bizi gara.

Gainera, uneoro izango dugu dirua non gastatu. Hau gutxi balitz, enpresek egun bereziak sortzen dituzte kontsumoa bultzatu asmoz; mundu osoko egutegietan seinalaturik dauden zitak. Honen adibide da San Valentin eguna. Gure bikoteari opari ederra egiteko aukera bikaina, berau asko maite dugula oihukatzeko eguna. Itxuraz, ez dago beste egunik. Haatik, dendariak pozik egongo dira Esther Howland amerikarrak bultzaturiko salmenta teknikarekin, San Valentin egunerako postal bereziak egin eta saltzen hasi zen emakumearekin, alegia. Egun honetan ez du inporta landun edo langabetu, aberats ala pobre… garen, guztiok baitugu gure bikotearekiko maitasuna adierazi beharra. Hau da erakutsi digutena. San Valentin egunean bikotekideari opari ederra erostea izango da harro egoteko bide bakarra.

Aske garela uste dugu gizakiok, kontrol sozialaren zirkulutik at gaudela eta auto-kontrolaz gozatzen dugula. Zalantzan jar daiteken aburua da honakoa. Kontrolatu egiten gaituzte, ez gara gure bizitzaren gidariak. Guztiok dakigu San Valentin eguna otsailaren 14an ospatzen dela, 1945. urteko egun berean AEBetako bonbardaketek –II. Mundu Gerraren baitan buruturikoek– Pragan 701 hildako eragin zituztela ezagutu gabe. Harrokeriak itsutu egiten gaitu, eta lorez beteriko munduan bizi garela sinestera garamatza. Hala ba, harrokeria kontsumitzea litzateke askatasun pertsonalerantz doan bidean eman beharreko lehen pausoa, bizitza lausoa argitzeko lehen izpia.