argia.eus
INPRIMATU
Glutenik gabeko produktuek ez dute glutendunen balio-nutrizio bera, EHUko ikerketa baten arabera
  • EHUko ikerketa-talde batek azken bederatzi urtean glutenik gabeko produktuen ikerketa egin du, eta 200 produktu aztertu ditu. Elikagai horien kalitateak gora egin du azken urteetan, baina oraindik ez dira glutendunen baliokide.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 28a

Glutenik gabeko produktuak ez dira glutendunak bezain osasuntsuak, nutrizionalki begiratuta. Hala dio EHUko ikerketa-talde batek egin duen ikerketak. Gluten 3S ikerketa taldeak azken bederatzi urtean glutenik gabeko 200 produkturen nutrizio-analisiak egin ditu.

Gluten 3S ikerketa taldeak 2014an hasi zuen ikerketa, glutendun produktuak haien baliokide ziren glutendunekin alderatuz. Emaitzen arabera, glutenik gabeko produktu askok gantz kaltegarri gehiago zituzten besteek baino, zuntz-ekarpen murritzagoa zuten eta haien gantz-kantitatea eta proteinak kontrolatu beharra zegoen.

Zeliakia kasuak gora

Ikerketak dioenez, azken urteetan nabarmen handitu da glutenik gabeko produktuen kopurua. Izan ere, geroz eta zelakia-kasu gehiago daude, eta hazkuntza esponentziala da. Adituek diotenez, bi arrazoi egon daitezke horren atzean. Alde batetik, ingurumeneko faktoreen ondorioz zeliakia-kasuak handitu egin dira, eta bestetik, geroz eta diagnostiko gehiago eta hobeak egiten dituzte.

Zeliakoen proportzioa ez da aldatu ikerketa hasi zenetik hona, biztanleriaren %1 izaten jarraitzen du, baina biztanleria handitu egin da. Horrez gain, glutenak bestelako arazoak ere sortzen ditu, eta zeliakoen kopuruari glutenarekiko sentikortasuna duten pertsonak gehituta, biztanleriaren %10era igotzen da kopurua.

Ikerketa taldeak dioenez, gizarteak ikusi du geroz eta jende gehiagok duela glutenarekin arazoren bat, eta ondorioz askok uste du glutenik gabeko dieta osasuntsuagoa dela glutena duena baino. "Eta uste oker hori kaltegarria izan daiteke". Jonatan Miranda EHUko farmazilari eta Gluten 3Sko ikerketa-taldeko kideak gomendatu du glutenak kalterik egin ezean, hobe dela glutendun elikagaiak kontsumitzea.

Produktuak hobetzen

Hala ere, Jonatan Miranda EHUko farmazilari eta Gluten 3Sko ikerketa-taldeko kideak onartu du ikerketa hasi zutenetik hona nabarmen egin dutela hobera glutenk gabeko elikagaiek, kontsumitzaileak ere gehiago direlako. Azaldu duenez, industria kontziente izan da glutenarekin arazoren bat duten pertsonen hazkundeaz, eta produktuak gehiago garatu dira. "Horrek ahalbidetu du industriak gehiago ikertzea eta beste osagai batzuk hartzea kontuan".

Glutenik gabeko produktuek ere, ondoeza

Teknika ezberdinak erabiltzen dituzte glutenik gabeko elikagaiak egiteko. Kasu batzuetan, osagaiak aldatzen dituzte. Beste batzuetan, glutena ordezkatu beharrean apurtu egiten da, garagardoa egiterakoan, esaterako. Hala ere, Mirandak azaldu du Zeliakoen Elkargoko kideek esan ohi dietela glutenik gabeko garagardoak kalte egiten diela. Beraz, garagardo horietako arazoak aztertzeko beste ikerketa-lerro bat ireki dute. "Beste zenbait molekula ere kaltegarriak izan daitezke, eta glutenik gabeko produktu horiek ondoeza sor dezakete".