Glovorentzako lanean ari zen 22 urteko langilea larunbat gauean hil zen Bartzelonan, kamioi batek harrapatu ostean. Lankide eta lagunak mobilizazioak burutzen ari dira Glovok eta prekarietateak hil egiten dituztela salatzeko.
Larunbat gaueko 23:30ak aldera garbiketa kamioi batek Glovorentzako lanean ari zen langile bat harrapatu zuen, eta bertan hil zen langilea. Laster jakin zen langileak 22 urte zituela, nepaldarra zela, gaueko lana egiten zuela eta banaketa bakoitzeko hiru euro kobratzen zituela. Gerora jakin da ofizialki ez zela Glovorentzako lanean ari.
Glovok autonomo bezala alta ematera behartzen ditu enpresarentzako lan egin nahi duten pertsonak. Espainiako Estatuan bost sententzia ezberdinek ebatzi dute Glovoren langileak “autonomo faltsuk” direla, baina enpresak bere negozio eredua mantentzen du. Gazte nepaldarrak, ordea, ez zuen erresidentzia baimenik, ezinezkoa zitzaion autonomoetan alta ematea. Beste pertsona baten izenean eta haren kontua erabiliz ari zen lanean, norbaitek utzita edo alokatuta. Lankideek adierazi dute ohiko egoera dela hori, etorkin papergabeek esplotazio gehigarria pairatzen dutela. (ARGIAK 241. Larruna eskaini berri dio Glovoren lan ereduari, eta Paul Ianok Glovorentzat lanean aritu bitartean izandako esperientzian du abiapuntu)
Protestak Bartzelonan eta Bilbon
Igandean bertan, hilak 26, gaztearen lankideek protesta egin zuten Bartzelonako Glovoren egoitza aurrean. Lankidea prekarietateak eta Glovoren lan ereduak hil dutela salatu dute, horrelako ezbeharra ematea denbora kontua zela. Hildakoaren omenezko loreak utzi, laneko bizikletekin errepidea moztu, eta Glovoren hainbat motxilei su eman zieten manifestariek. Enpresaren egoitzan sartzen ere saiatu ziren, baina Esquadra Mossoek eta Espainiako Poliziak eragotzi egin zieten. Hurrengo egunean kalera atera dira berriz ere Bartzelonan.
Protestak Espainiako Estatuko hainbat hirietara zabaldu dira. Euskal Herriari dagokionez, Bilbon elkarretaratzea egin zuten astelehenean. “Prekarietateak hiltzen gaitu. Glovo nos mata. Sus millones nuestros muertos” lelodun pankartaren atzean bildu dira hamarnaka lagun. RidersXderechos banatzaileen elkarteak, Eraginek (Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanblada) eta Glovoko langileek deitu dute protesta.