Globalizazioaren ondoko efektuen gaineko hausnarketa egingo du Getxophotok

  • Abuztuaren 30etik urriaren 1era arte, munduko 23 artistaren lanak ikusi ahal izango dira Getxoko Nazioarteko Irudi Jaialdian; hainbat gunetan erakutsiko dituzte ikus-entzunezko lanak, batez ere aire zabalean. Oraingo honetan, "Trantsizioak" goiburuaren pean, egileek globalizazio ondoko efektuen gainean hausnarketa egingo dute. "Opening" izeneko inaugurazio-ekitaldi ofiziala bariku honetan, irailaren 1ean, egingo dute; Areetako Andrés Isasi musika-eskolan ipini dute hitzordua, 19:30ean. Sarrera doan izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko abuztuaren 29an - 16:47
Argazkiak Algortako Portu Zaharrean. (Arg.: Begihandi)

Aurten, jarduerak, tailerrak, ibilbideak eta hitzorduak egongo dira Getxophoto-ren egitarauaren barruan: 30 egunetan zehar, egileak interesa duten pertsona denakaz elkartuko dira eta haiekaz berba egiteko aukera izango dute. Jaialdiaren zuzendaria den Jokin Aspuruk prentsaurrekoan adierazi duenez, "ekitaldiak egileen, profesionalen eta publikoaren artean esperientziak trukatzeko topagunea izan nahi du".

Erakusketa gehienak aire zabalean izango dira "esparru publikoa topagune izan dadila aldarrikatuz". Besteak beste, Ereaga hondartza eta Portu Zaharra bat egiten duten ingurunean eta Algortako erdigunean ikusi ahal izango dira Giulio Di Sturco, Paolo Woods edo Daniel Beltrá bezalako artisten lanak –horiek guztiak World Press Photo sariaren irabazleak–, eta Mandy Barker, Edmund Clark edo munduko beste artistenak ere bai. Erresuma Batuko, Mexikoko, Japoniako, Irango edo Espainiako artisten lanak ikusgai egongo dira. Jaialdiaren komisarioa den Monica Allendek azpimarratu duenez, "gai guztiak lotuta daude argazkiak ikusgai dauden tokiekin".

Koldo Iturbe Kultura zinegotziak adierazi duenez, "Getxophotok bere lekua finkatu du korronte artistiko abangoardistenen/aurrerakoienen ispilu gisa eta nazioarteko mailako ezagutza eta dibulgazio ekitaldi kulturala bihurtu da". "Ekimen hau", esan du, "Begi Handi elkartearen lanaz gain, beste eragile pribatu eta sozial, kultural, merkatari, txoko, ostalaritzako establezimendu eta zaletu askoren arteko kolaborazioaren emaitza da, berriz ere, Udala eta eragile ezberdinak elkarlanean. Elkarrekin egindako lan horri esker, Getxophoto nazioarteko eragina duen kultur ekitaldi bihurtu da, udalerriaren jarduera ekonomiko eta turistikoa sustatzen duena, baina batez ere ikuskizunetik harago doan ekitaldia da; egitarau zabal honetan ikusle aktiboak sustatu nahi dira, hauek motibatu eta beraien emozioak biztu. Getxophoton parte hartu dudanean , argazkien esanahia hobeto ezagutu dut, hain sinplea den mezu hau ekimen honek bermatu egiten du eta horregatik herritarrak animatzen ditut horrekin gozatzera".

Jardueren egitaraua

Jarduera gehienak jaialdiaren lehenengo egunetan izango dira (abuztuak 30-irailak 3). Aipatu behar dira emakumezko bik emango dituzten berbaldiak, jaialdiaren epizentroa den Punta Begoñako galerietan egingo direnak. Abuztuaren 31n, 19:30ean, Japoniako argazki-liburuetan aditua den Yumi Gotok bere liburu-sorta pertsonalaren "bitxiak" erakutsiko ditu. Bestetik, zapatuan, irailaren 2an, 19:30ean, Tate Modern-go argazki-komisarioa den Shoair Mavlianek Alejandro Castellotegaz elkarrizketa egingo du (Getxophoto-ren lehenengo komisarioa eta PhotoEspaña–ren sortzailea). Halere, irailaren 2an, ibilbide berezia egingo dute jaialdian barrena, Monica Allende komisarioak gidatuta; gaueko ibilbideak egongo dira eta Oheak zine-emanaldiak, Punta Begoñako galerietan.

Egitarau osoa eta informazio osagarria: www.getxophoto.com

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argazkilaritza
Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-01-28
Isabel Azkarateren lana, Tabakle
Kliska bakarreko argazkilaria

Donostiako Maria Cristina Hoteleko sarrerako eskaileretan dozenaka argazkilari elkar kolpatzen dira, argazki eta bideo kamerak eta objektibo eta lenteak daramatzaten zorroekin kargatuta. Jende multzoaren erdian emakume bakarra ageri da taldean. Ilea solte darama eta kamerarik ez... [+]


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


2023-09-03
Gabrielle Duplantier (argazkilaria):
"Argazkiekin ez nabil errealitatea harrapatzeko bilaketa batean"

Gabrielle Duplantier argazkilariarekin elkartu gara Baionan, Aturri bazterreko terraza batean. Esku artean erakusketarik ala liburu berririk ez duela, elkarrizketa zertaz izango den galdetu dio kazetariari, zehaztuz gainera argazki guti egiten duen bizi fase batean dela. Espazio... [+]


Eguneraketa berriak daude