argia.eus
INPRIMATU
Global Sumud flotillaren aurkako erasoak ugaritu ditu Israelek, Gazara hurbildu ahala
  • Leherketak barkuetan eta barku inguruetan, drone andana ontziditik gertu, komunikazioan eteteak, ontzietara jaurtitako objektuak… Sumud Global Ontzidiaren aurkako erasoak biziki ugaritu ditu Israelek eta arriskuaz ohartarazi dute bidaiariek. Babesa eskatu diote NBEri.

ARGIA @argia 2025eko irailaren 24a

Gazara iristeko gutxiago falta delarik, Israelgo Estatuaren partetik mehatxu arriskutsuak jasotzen ari direla salatu dute Global Sumud Ontziditik. Asteartetik asteazkenerako gauean, adibidez, gutxienez hamahiru leherketa entzun dituzte barkuetan edo barku inguruetan, eta komunikazioak eten dira; kezka handiz bizi dute bidaiariek, euren segurtasuna kolokan baitago.

Horrez gain, azken 24 orduetan hamabost dronek baino gehiagok Alma ontziaren gainetik egin dute hegan, hamar bat minutuero; droneetatik eta aireontzietatik identifikatu gabeko objektuak ere jaurti dituzte gutxienez hamar barkutara, eta kalteak eragin dituzte.

Gehitu dute Israel euren aurkako “kanpaina zikina” egiten ari dela eta “Hamasen flotilla” gisa etiketatu dituela, ekintza biolentoak egitera doazela argudiatuta. “Desinformazio kanpaina honek prebentiboki justifikatu nahi du misio humanitarioan goazen zibilen aurkako eraso militar bat”.

“Ekintza psikologikoak dira, baina ez gaituzte kikilduko. Nazkagarria da noraino iristeko prest dauden Israel eta haren aliatuak, Gazako genozidioa eta gosetea luzatzeko. Baina taktika horiek ez dute gure misioa bertan behera utziko: Gazara laguntza eramatea eta setio ilegala apurtzea. Gu kikiltzeko saiakera bakoitzak gure konpromisoa indartu baino ez du egiten”.

"Desinformazio kanpaina honek prebentiboki justifikatu nahi du misio humanitarioan goazen zibilen aurkako eraso militar bat"

Babes eske

Horren guztiaren aurrean, gogoratu dute misioaren aurkako edozein eraso gerra krimena eta gizateriaren aurkako krimena liratekeela eta Nazio Batuen Erakundeko estatuei eskatu diete, bereziki flotillan haien biztanleak dituzten estatuei, babesa eman diezaietela berehala, itsas-eskolta, behatzaile diplomatiko akreditatuak eta estatuen babes presentzia, ontzidiak segurtasunez aurrera egiten jarraitu ahal izan dezan.