Global Foruma eta tokiko agiria


2014ko martxoaren 03an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Bilboko goi-bileraren goiburuaren bigarren zatiak erakusten du zein izan den ekitaldiaren asmoa eta oinarri ideologikoa: Espainia Global Foruma: Egonkortasunetik Hazkundera. Troikak eta erakunde multilateral doilorrenek ondoko mezua helarazi nahi izan digute, gaurko ezinbesteko estutasunak biharko onura ekarriko duela, alegia. Espainiako Estatuan krisiak zazpi urte eta doikuntza politikak lau urte beteko dituen honetan Bilbo aukeratu dute troikak eta hurbileko instituzioek (Europako Batzordea, NDF, EBZ, OECD...) egonkortasun ekonomikoaren apologia egin eta murrizketa politikak legitimatzeko. Lau urteotako estatu mailako doikuntzen porrota estali eta horien aldeko marketin instituzional lotsagarria egitera etorri dira Bilbora.

Nolanahi ere, hitzordu horren karira bestelako ekonomia eta gizartearen aldarria egin da, oso modu zabalean egin ere. Kaleko agerpen jendetsuez harago, ekimen esanguratsu eta berria ere egon da, pertsonen zerbitzurako ekonomia baten aldeko agiria, alegia. Berria, arlo akademikotik horrelako goi-bileraren aurrean erantzun ozena ematea ez baita ohikoa, are gutxiago ekonomia eta enpresaren arloan. Esanguratsua izan da sinaduren kopuruaz harago –500 inguru, erdiak EHkoak– unibertsitateko irakasle horien aniztasun politikoa eta ideologikoa ere aipagarria delako.

Agirian austeritate politiken porrotaren ebidentzia ugari ematen da, hala nola, estatu mailako langabezia-tasaren igoera, enpleguaren kalitatearen narriadura, pobreziaren eta gizarte-bazterketaren hedapen indartsua, desberdintasunen inoizko igoerarik larriena eta, baita murrizketa neurrien aitzakia diren hainbat indizeren porrota, hala nola zor publikoa BPGaren %100era igo izana. Honekin guztiarekin demokraziaren gainbehera eta estatu sozialaren aztarna oro galtzeko arriskua azpimarratzen da.

Salaketaz harago esku-hartze publikorako gaur egungo irizpideen aldaketa ere eskatzen dute sinatzaileek. Errentagarritasun ekonomikoa eta lehiakortasunaren kontzeptuak ezin dira izan ekonomi oinarriaren berezko azken helburu gisa hartuak. Horien ustez, ekitateak izan behar du ekonomiaren funtzionamendurako ezinbesteko lehen erreferentzia. Austeritate politikek sorrarazten dituzten muturreko desberdintasunak sozialki bidegabeak izateaz gain ekonomikoki efizientziaren galera ere eragiten baitute. Gainera, lehia ekonomikoa ezin zaiola ekonomi iraunkortasunaren printzipioari gailendu diote, efizientzia ekologikorik ezean ekonomiaren etorkizuna ustela delako. Horren guztiaren kudeaketa publikoak demokratikoa eta gardena izan behar du herritarren parte hartzearen mekanismoa lehenetsita. Europako Batasunaren (EB) eta euroguneko arauen berrikusketaren alde egiten da agirian eta merkatuaren logikaren ondorioz gizatalde eta irabazle zein galtzaileen arteko lubakia gutxitzeko elkartasun eta kohesioaren irizpideak lehenestea eskatzen da.

Agiriak haize freskoa dakar eta krisiaren inguruan dauden bi mito suntsitu egiten ditu. Lehena, krisiari aurre egitea arazo tekniko-ekonomikoa delako ustea. Merkatuen exijentziei erantzuteko neurri teknikoak dira balekoak troikaren esanetan. Baina arrazoi teknokratikoaren aurretik lehentasun politikoak daudela nabarmentzen du agiriak eta krisiaren irteerak diseinatzerakoan politikaren beharra azpimarratzen du. Agiriarekin bigarren mito bat ere suntsitzen da, austeritatearen aurrean alternatibarik ez dagoela baieztatzen duena, alegia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 2014ko Bilboko goi-bilera ekonomikoa
2016-11-22 | Aiaraldea
Iñaki Montes
"Espero dut epaiketan argi geratzea muntaia poliziala izan dela dena"

Iñaki Montes (Basauri, 1971) JEZ enpresako langilea eta sindikalista da. 2014ko martxoaren 3ko FMIren (Nazioarteko Moneta Funtsa) aurkako manifestazioan atxilotu zuten eta 5 urteko kartzela zigor eskaerari aurre egin beharko dio hurrengo astean izango duen epaiketan... [+]


Troikaren aurkako mobilizazioengatik zigortu nahi duten sindikalistari babesa azaldu diote Laudion

Azaroaren 17an Laudion ehunka lagun elkartasun adierazi zioten Iñaki Montes sindikalistari. Montesentzat eta beste bi lagunentzat bosna urteko kartzela zigorra eskatzen dute 2014an Troikaren aurka Bilbon eginiko protesten harira.


2016-03-30 | Uriola.eus
Iker Egiraun bilbotarra epaituko dute Troikaren bisitako istiluen harira

Iker Egiraun bilbotarra epaitua izango da martxoaren 31n, 2014ko martxoaren 3an Bilbon egin zen Global Forum Spain bilkuraren kontrako istiluengatik. Egi Libre plataformak elkarretaratzea deitu du 10:30ean Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean.


2014-03-26 | ARGIA
UKBerriko kazetari bat atxilotu du Ertzaintzak

UKBERRI.NET Bizkaiko Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitaleko kazetari Iñigo Fernandez de Martikorena atxilotu du Ertzaintzak, martxoaren 3an, Bilboko Goi Bilera Ekonomikoaren aurkako istiluen harira.


Eguneraketa berriak daude