Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua, bederen). Politika eta politikaren inguruan irakurtzea gustuko duena (baina politika erreala, eguneroko politika, kaleetan egiten dena, auzoetan, herrietan, auzolanean; eta ez soilik politika instituzional monotono eta “demokratikoa”).
Eta hori hala izanik, nola izan daiteke orain arte feminismoa jorratzen duen libururik irakurri ez izana? Eta ni bezala nire inguruko hainbat gizon heterosexual ezkertiarrek.
Esan dezagun orain arte ez nintzela “ausartu” liburu feminista batean barneratzen. Liburutegi eta liburu-dendetan bai, hartu, barrutik begiratu, zenbait esaldi irakurri eta baiezko keinuak egiten nituen buruarekin. Oso ongi baitakigu ezkertiarrok Iraultza feminista izango da edo ez da izango lema, eta sakonki eta zintzoki sinetsi ere. Dena den, en el momento de la verdad, zeozerk atzera botatzen gaitu feminista etiketa duen liburu bat hasieratik amaierara irakurtzeko.
Zintzoki gomendatzen dut gizon heterosexualok ere literatura feministarekin ‘ausartzea’. Zuen lagunek, bikoteek, arrebek, alabek… gomendatzen dizueten batekin. Aldaketa lortzeko ezinbesteko pausua da
Agian gure barnean, subkontzienteki, "hau emakumeek irakurriko dute; azken finean, haiek dira opresioa jasaten dutenak, eta beraz haiek egin behar dute iraultza" pentsatzen edota sentitzen dugu, aldaketak lortzeko lanaren pisu eta ardura guztia emakumeen gain jarriz, eta gure ardura guztiz alboratuz. Agian beldur gara, nahiz eta gure intentzio hoberenarekin eta mentalitate irekiarekin joan, bertan topatuko dugun zerbaitek deseroso sentiaraziko gaituelakoan? Agian adjektibo batzuk guztiz ez ulertzeagatik (zis, heteronormatibo, intersekzional…) “mareatuko” edo galduko garela uste dugu? Edo agian ez gara hain gizon sentitzen portadan feminista hitza edo bere familiako beste bat duen liburu bat irakurtzen ikusten bagaituzte?
Egia esan, ez dut erantzunik, eta kritikoki eta zintzoki egiten dizkiot galdera hauek nire buruari. Baina ziur nago gizon ezkertiarren gehiengoak liburu feministak irakurtzen ez ditugula, arrazoiak arrazoi.
Ba, duela aste batzuk, María del Mar Ramón-en Coger y Comer sin Culpa: El Placer es Feminista irakurri nuen, liburu denda batean kasualitatez topatu ostean. Behin honetan, kuriositateak hesi subkontziente horien guztien gainetik egin zuen jauzi. Eta pozik nago irakurri izanaz.
Izenburuak beste zerbait pentsarazi diezagukeen arren, liburuak esperientzia eta emozio gordinak eta gogorrak ekartzen dizkigu. Deseroso sentitu izan naiz zenbaitetan, bai; gure generoarekiko eta gure sistemarekiko haserrea sentitu dut gero. Idazleak ez ditu jasan telebistan entzuten ditugun muturreko talde bortxaketarik edota heriotzan amaitzen den indarkeriarik; baizik eta emakume guztiek bizitzan zehar jasan behar izaten dituzten indarkeriak. Baiezko espliziturik gabeko sexua, indarkeria berbala bikotean, botere asimetriak adin diferentzia handiko bikoteetan, bulimia eta gorputzarekiko ondoeza, masturbazio femeninoaren eta desiraren ukapena, eta abar luzea.
Horregatik liburu hau hain indartsua da, alde batetik emakumeak hau irakurtzean hainbat egoeratan islatuta sentitzen direlako; eta beste batetik, gizon heterosexualoi ikusten ez ditugun (edota ikusi nahi ez ditugun) emakumeen kontrako indarkeria asko haien hitzekin eta sentipenekin entzun ahal ditugulako. Horri guztiari, latza izan arren, itxaropen eta optimismo kutsua eman nahi dio, “no estamos rotas o magulladas”, “no estamos para tirar” esanez.
Gehiago ez luzatzearren, uste dut eta zintzoki gomendatzen dut gizon heterosexualok ere literatura-feministarekin “ausartzea”. Proposatzen dizuedan liburuarekin, adibidez, edota zuen lagunek, bikoteek, arrebek, alabek… gomendatzen dizueten batekin. Aldaketa lortzeko ezinbesteko pausu bat delakoan ziur nago.
Mikel Hualde Otamendi