Gipuzkoako auzitegi baten arabera 2016 eta 2018 urteen artean bost aldiz bortxatu eta beste hainbat sexu eraso zein tratu txar egin zizkion, neskak 12-14 urte zituenean. Gizonari hamasei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta kalte ordainetan 50.107 euro ordaindu beharra ezarri diote, besteak beste. Gizonak alaba mehatxatzen zuen ezer esan ez zezan.
Guztira hamasei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra jaso du gizonak. Gipuzkoako auzitegi batek emandako epaiaren arabera, 2016 eta 2018 urteen artean alabari –12 eta 14 urte zituela– tratu txarrak eta bestelako sexu erasoak egin eta bortxatzeagatik zigortu du, EFE agentziak jaso duenez.
Hamalau urteko kartzela zigorra sexu erasoengatik, eta bi urte eta hiru hilabetekoa tratu txarrengatik. Gizona ezingo da alabarengana hurbildu eta harekin harremanetan jarri hamasei urte eta bederatzi hilabete pasa arte, ezta adingabeekin zerikusia duten lanetan ibili ere zazpi urtetan. Kartzelatik irten ondoren, zaintzapean egon beharko du zazpi urtez eta 50.107 euro ordaindu beharko dizkio alabari kalte ordainetan.
Sexu erasoak familiaren etxean zein senide batzuen etxean egiten zizkion. Alabak aurre egiten zion aitari, gelditzeko esanez, min egiten ziola. Sexu erasoak egiteaz gain, tratu txarrak ere ematen zizkion: "Iletik heldu, lepotik heldu ia itotzeraino, eta besoa bihurritu", Berriak jakinarazi duenez. Epaiak jasotzen du aitak "beldurtu" eta "mehatxatu" egiten zuela alaba: aitak zer egiten zion kontatuz gero, eskolatik eta kirol taldetik aterako zuela, eta amaren kontrako salaketa jarriko zuela.