argia.eus
INPRIMATU
Gizon batek sexu abusuak egin dizkio emakume adingabe bati, Bermeo eta Gernika arteko tren linean
  • Erasoa astelehen gauez gertatu zen. Gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak gau berean, Gernikan.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 15

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren arabera, astelehen gaueko 23:30ak aldera jazo zen erasoa, Bermeo eta Gernika arteko tren lineako bagoi batean. 35 urteko gizona bakarrik zihoan emakume adingabeari hurbildu zitzaion, eta kutsu sexualdun keinuak egiten hasi. Keinuka aritu ostean, sexu abusua egin zion. Gizona behin eta berriz ahalegindu zen emakumeari ukituak egiten.

Erasotuak trenean gertatutakoa kontatu zuen etxera iritsitakoan, eta senideek Ertzaintzari gertatutakoaren berri eman zioten. Polizia patruila bat Gernikako tren geltokira abiatu zen, eta Jaurlaritzak adierazi duenez, emakumeak egindako erasotzailearen deskribapenari esker gizona identifikatu zuten. Sexu abusuak egitea leporatuta atxilotu egin zuen Ertzaintzak, astelehen gauean bertan.