argia.eus
INPRIMATU
Pertsona batek epaitegian salatu du ez ziotela Gasteizko La Comarca tabernan sartzen utzi, beltza izateagatik
  • Adierazi du ez dela lehen aldia tabernako atezainek bere kontrako jarrera hori izan dutena, eta atezainen eta arduradunaren aurkako gorroto delitu salaketa jarri du Arabako Probintzia Fiskaltzan. Azaldu du Ertzaintzak gomendatu ziola salaketarik ez jartzea, zaila delako frogatzea beltza izateagatik debekatu zietela sarrera.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 03a

Gizon batek, SOS Arrazakeria Arabarekin batera, salatu du beltza izateagatik ez ziotela sartzen utzi Gasteizko La Comarca tabernan. Gizonak gorroto delitu aurkako salaketa jarri du tabernako atezainaren eta arduradunaren aurka, Arabako Probintzia Fiskaltzan. Adierazi du ez dela lehen aldia taberna horretako atezainek bere kontrako jarrera hori izan dutena.

Salaketan gertaeren nondik norakoak azaldu ditu. Apirilaren 21eko ordu txikietan, gizona eta haren lagun bat, afrikarra bera ere, tabernan sartzeko ilaran zeuden. Ordu erdi zain pasa ostean, atezainak esan zien gehiago ez itxaroteko, ezin izango zutelako sartu. Ez zien horren inguruko arrazoirik eman, eta erreklamazio orria eskatu zuten.

Ertzaintzaren jarrera

Salaketan adierazi dutenez, bi aldiz eskatu ondoren ez zieten orririk eman nahi izan, eta tabernako arduraduna azaldu zen, garrasika, ez zietela orririk emango esanez, garrasika. Hirugarrenean eman zieten. Ertzaintzari deitu zion arduradunak, esanez gizona mozkortuta zegoela eta ilaran itxaron gabe sartu nahi zuela. Bertaratu zirenean gizona identifikatu zuten agenteek, eta beste taberna batera joatea gomendatu zioten. Gizonak azaldu du agenteek ikusi ahal izan zutela arduradunak esandakoa ez zela egia, berak ez duelako edaten eta 30 minutu zeramatzatelako ilaran zain, lasai.

Hurrengo egunean Ertzaintzaren komisaldegira joan zen gizona, salaketa jartzeko asmoz. Azaldu du poliziek salaketa ez jartzeko gomendatu zietela, "gisa horretakoak ez direlako inora iristen", zaila delako frogatzea beltza izateagatik debekatu zietela sarrera. Gertakaria salatu duen gizonak adierazi du ez dakiela momentuan inguruan zeuden pertsonen deklarazioak hartu ote dituzten.