Bilbon, Larraskitu auzoan, familiaren etxean gertatu da. Eztabaida bortitz baten ondoren emakumeak etxetik ihes egin du eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainek alabaren eta aitaren gorpuak aurkitu dituzte etxean. Emakumea ospitalera eraman dute zaurien ondorioz.
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak adierazi duenez, itxura guztien arabera aitak alaba hil du eta ondoren bere buruz beste egin du. Ertzaintzak azaldu duenez, ostiralez, goizeko bostak aldera emakumeak etxetik ihes egin du, “genero- eta familia-bortizkeria gertaera larri bat” gertatu eta gero. Emakumeak laguntza eskatu du eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainak etxean sartu dira eta bi gorpuak aurkitu dituzte. 13 urteko alaba izaraz estalita zegoen eta aita komunean bere buruaz beste eginda. Ertzaintzak bere gain hartu du ikerketa.
“Ikerketa zorrotza eta errespetuzkoa” desio du Pradalesek
Imanol Pradales lehendakariak adierazi du itxura guztien arabera indarkeria bikarioa izan dela, “zeina bortizkeria matxistaren alde beldurgarriena den”. Hilketa gaitzetsi du eta familiari elkartasuna adierazi dio. Gehitu du ikerketa zorrotza eta errespetuzkoa izango dela espero duela.