Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak.
"Intentsitate handiko" bi eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak azken orduetan. Ostegun gauean izan ziren, Fermin Muguruzaren kontzertua hasi aurretik. Horren harira, elkarretaratzea deitu du mugimendu feministak larunbaterako: 20:00etan Andre Maria Zuriaren plazan.
Osteguneko erasoak ez dira Gasteizko jaietako bakarrak izan. Izan ere, hiru gizon atxilotu ditu poliziak asteon, sexu askatasunari lotutako delituengatik. Asteazkenean 47 urteko gizon bat atxilotu zuten, askatasun sexualaren kontrako delitua egotzita, Gasteizko Aldabe plazako haur parke batean genitalak erakusteagatik. Asteazkenean bertan ere, 43 urteko beste gizon bat atxilotu du poliziak neska bat sexualki jazartzeagatik. Lekukoek diotenez, herritar batek polizia deitu zuen, eta "mehatxu larriak" jaso zituen. Polizia heldu zenean gizonari identifikatzeko eskatu zioten, uko egin zion horri, eta menderatzen saiatzen ari zirela polizia bat jo zuen. Beste 21 urteko gizon bat ere atxilotu dute neska talde bat "etengabe" jazartzea leporatuta