argia.eus
INPRIMATU
Gizarte Segurantzan etxeko langileak iruzur masiboa pairatzen ari direla salatu du ELEk
  • Etxeko langileek gutxieneko soldataren azpitik kotizatzea Gizarte Segurantzan orokortua dagoen zerbait dela salatu du Etxeko Langileen Elkarteak. Kanpaina bat abiarazi dute, etxeko langileei beren kotizazio oinarria zein den jakitea errazteko.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 19a
Etxeko langileen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea, Bilbon (Argazkia: Ecuador Etxea)

“Duela urte batzuetatik hona, Gizarte Segurantzako kotizazioetan orokortua dagoen iruzurraren biktima izaten ari dira etxeko langileak”, adierazi du elkarteak, azpimarratuz gauza jakina dela enplegatzaile batzuek etxeko langileei ordaintzen dieten soldataren azpitik deklaratzen dutela, gutxiago kotizatzeko. Hala ere, orain salatzen dutena harago doala azpimarratu dute, bi konturengatik: enplegatzaile askori inoiz ez zaiela jakinarazi soldata igoeren berri eman behar zaiola gizarte segurantzari, eta hargatik 2012tik etxe berean lanean ari diren langileek orduko soldataren arabera deklaratzen jarraitzen dutela; eta Gizarte Segurantzak gutxieneko soldataren azpitik zeuden kotizazioak onartu dituela.

Egoera honek etxeko langileak nabarmen kaltetzen dituela azaldu du elkarteak, ez baitute jaso beharrekoa jasotzen gaixotasun, istripu eta amatasun bajak hartzean. Etorkizunean, pentsioetan ere nabarituko dituzte kalteak.

ELEk Gizarte Segurantzako diru-zaintza jo du iruzurraren arduradun, enplegatzaileari dagozkion betebeharrei buruz ez informatzeagatik eta kotizazioak gutxieneko soldataren araberakoak direla ziurtatzeko kontrolik ez burutzeagatik.

Egoera honen aurrean, eta kontutan izanda “langileek nominarik ez dutenez beren kotizazioekin zer gertatzen ari den ez dakitela”, elkarteak kanpaina bat abiatu du. Etxeko langile, horrela jakin dezakezu zein den zure kotizaio oinarria kanpainarekin gaizki egindako kotizazio guztien erregulazioa eskatzen dute, eta etxeko langileei beren kotizazio oinarriak zein diren jakiteko jarraibideekin bideo eta idatzi bat egin dituzte.