argia.eus
INPRIMATU
Gizarte mugimenduen gako komunikatiboak aztergai Euskarabildua jardunaldietan
  • Euskal Herriko mugimendu feminista, Kataluniako Diada edota Islandiako prozesua dira komunikazio ikuspegitik aztertuko diren egitasmoetako batzuk. Azaroaren 10ean Donostiako San Telmo museoan egingo dira hitzaldiak.

ARGIA @argia 2016ko azaroaren 04a

Iametza Interaktiboak, Argiak eta Ametzagaiñak urtero antolatzen duten Euskarabildua jardunaldien bosgarren edizioak gizartea mugiarazten duten jokabide komunikatiboak izango ditu aztergai.

Jardunaldia komunikazio gaiekin nolabaiteko zerikusia edota interesa dutenei zuzendua dago: udal, elkarte edota enpresa eta bestelako erakundetako komunikazio arduradunak eta teknikariak; euskara, berdintasun edo parte-hartzeko teknikariak eta arduradunak; kazetariak; oro har gizartean euren mezuak zabaldu eta txertatu nahi dituzten herritarrak edota komunikazio gaietan interesa duten pertsonak.

Hedabide handien komunikazioaz harago, “inoiz baino ozenago eta indartsuago hedatzen diren” gizarte mugimenduen mezuei erreparatu nahi diete. Eta horretarako, urtero legez, Euskal Herriko esperientzia eredugarrien berri izateaz gain, kanpoko hainbat adituren hitzaldiak entzuteko aukera izango da.

Eli Pombo Iametzako lankideak azaldu ditu bideo honetan aurtengo Euskarabilduaren asmoak:

 

Bertako eta kanpotik etorritako hizlariak

Bertako hizlarien artean izango dira Argia aldizkariko kideak (Iraitz Agirre eta Lander Arbelaitz), Mugimendu Feministako Kattalin Miner, Errigora egitasmoko Peru Aranburu eta Aitziber Gurutzeaga, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko eta elkarte horretatik bultzatutako Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimeneko kidea.

Islandiatik etorriko da Katrin Oddsdottir. Parlamentuak bultzatuta, konstituzio berri baten erredakzio parte hartzailearen prozesua azalduko du, instituzioen aldetik ere komunikazio prozesu irekiak gauzatu daitezkeela erakutsiz. Diadaren komunikazio lanketari buruz hitz egingo digu Galdric Peñarroja argazkilariak eta ANCko kideak. Scheherezade Suria itzultzaileak berriz, testuen erredakzioan kultur aniztasunak duen garrantzia azpimarratuko du. Azkenik, Aritz Cirbián Kataluniako Compacto kooperatibako zuzendariak gizarte aldaketarako ikus-entzunezko egitasmoen adibideak erakutsiko ditu, aipamen berezia eginez Frantziako Nuit Debout mugimenduan eragin handia izan zuen ‘Merci Patrón!’ dokumentalari.

Zuzenean ikusteko aukera

Streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izango da EITB.eus-en lankidetzari esker. Aretoan bertan, hormetan jarriko diren mural batzuetan hitzaldien testigantza grafikoa –graphic recording– zuzenean jasoko dute.

Izena emateko azken egunak

Jardunaldietan parte hartu nahi dutenek aurrez izena ematea beharrezkoa da. www.euskarabildua.eus webgunean horretarako aukera dago. Izena ematea guztiz doakoa da.

Azaroaren 10eko egitaraua

  • 09:00: Aurkezpena
  • 09:15: Hitzaldia: Euskal Herriko egitasmo komunikatibo mugiarazleak
    • Aitziber Gurutzeaga (Egia Euskaraz)
    • Kattalin Miner (Mugimendu Feminista)
    • Peru Aranburu (Errigora egitasmoa)
  • 10:00: Hitzaldia: Herrigintzatik Argia indartzera goaz
    Iraitz Agirre eta Lander Arbelaitz (ARGIA)
  • 10:30: Hitzaldia: How Iceland "crowd sourced" its constitution in the aftermath of its financial crisis
    Katrin Oddsdottir (Islandia)
  • 11:00: Atsedenaldia 
  • 11:30: Hitzaldia: ¿Un mundo sin traducción?
    Scheherezade Suria, itzultzailea (Katalunia)
  • 12:00: Hitzaldia: 'Merci Patron!' y otros proyectos audiovisuales para el cambio social
    Aritz Cirbián (Compacto Coop)
  • 12:30: Hitzaldia: La revolución de las sonrisas: la sociedad civil catalana y el nuevo activismo político
    Galdric Peñarroja, argazkilaria (Katalunia)