El Correo egunkariak atzo argitaratu zuenez, Kutxabank osatzen duten BBK, Kutxa eta Vital aurrezki-kutxek %60 inguru murriztuko dute Gizarte Ekintzarako aurreikusi duten inbertsioa. 2012an 113,2 milioi euro bideratu zituzten (65 milioi BBK-k, 39,7 Kutxak eta 8,5 Vitalek).
Dirudienez, ekintza kaltetuenak kultura, kirola, aisialdia, babesletzak eta ludiko-sozialak izango dira, baita solidaritatearekin zerikusia duten proiektuak ere. Hala, hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek sumatuko du murrizketa ekonomikoa.
Aldiz, Donostiako Onkologikoa, Eureka! Zientzia Museoa, Sukarrietako udalekuak eta La Ola laguntza zentroa orain arte bezalatsu finantzatuko dituzte. Antso Jakituna, Mejora eta Estadio fundazioek ere Kutxabanken diru-laguntza izango dute.