argia.eus
INPRIMATU
Gizarte desberdintasuna, pobrezia eta prekarietatea gora doaz Nafarroan, Caritasen arabera
  • Horiek dira Nafarroako Caritasek eta Foessa Fundazioak ostegun honetan aurkeztutako txostenaren ondorio nagusiak. 2018tik aurrera gizarte desberdintasunak etengabe handitu dira, pobreziak gora egin du eta prekarietatea sakon hedatu da gizartean: lana eginda ere, milaka pertsona prekarietatean bizi da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko abenduaren 12a
Probreziaren aurkako bilkura bat Iruñeko Udaletxe plazan Setem

Azterketan 37 adierazle erabili dira, eta horiek nagusiki lau atal nagusitan banatzen dira: erabateko integrazioa (2018ko herritarren %53,2tik 2024ko %50,7ra jaitsi da), integrazio prekarioa (%31,3tik %36ra igo da), bazterketa moderatua (%9tik %7ra jaitsi da) eta muturreko bazterketa (berdin mantentzen da, %6an, eta 41.731 pertsonari eragiten die. Igoerarik handiena, beraz, integrazio prekarioan gertatu da, eta horrek dagoeneko Nafarroako 243.651 pertsonari eragiten die.

Desberdintasunaren alorra da deigarriena, 2018tik etengabe gora doa eta. Gini indizea erabilita –zenbat eta handiagoa izan zenbaki hau desberdintasun handiagoak daude gizarte horretan–, 2018an 24,7 zen eta 2024an 30,7; hurbiltzen da Espainiako %31,2ra, beti aski urruti ibili denean.

Desberdintasun horrek pobreziaren gorakada esanguratsua dakar. Pobrezia arriskua bikoiztu egin da azken sei urteetan, %7,7tik %14,2ra (95.576 pertsona). Eta muturreko pobrezia igo da %2,6tik %7,9ra (53.173 pertsona); egoera horretan direnei, Nafarroako Gobernutik banatzen den Bizitzeko gutxieneko diru sarreren laguntza bakarrik iritsi zaie %43ri, gainerakoek diotenez, ez dute dirulaguntza horren berririk jaso. Hori guztia gertatu da Nafarroako ekonomiak urtero gora egin duenean tarte horretan, eta horrek esan nahi du aberastasun hori oso txarto banatzen dela, batzuek aberatsago eginda eta besteak pobreago.

Estatu mailako azterketa da honakoa, 500 pertsona eta 180 unibertsitate aritu dira berau egiten, eta Nafarroan ordubete iraun duten 576 elkarrizketa egin dituzte.

Etxebizitza %36,1 garestitu da azken sei urteetan

Familien errentak %29,7 igo dira 2018tik 2024ra eta etxebizitzaren salneurriak %36,1. Batez besteko alokairua 992 eurokoa da. Prezioen igoera horrek modu oso zuzenean eragiten du bazterketaren igoera: familiek 2018an aurrekontuaren %12 gastatzen zuten etxebizitzan, eta 2024an %27,2.

Herritarren %22k izan du etxebizitza arazoren bat, 80.000 bat lagun segurtasun eskaseko etxeetan bizi izan da, eta muturreko pobrezian direnen %77,9 alokairuan bizi da.

Lan munduari dagokionez, okupazioa %11 igo da, langabezia %8ra jaitsi da eta enpleguaren behi-behinekotasuna %17ra jaitsi da. Edozein modutan, txostenak argi uzten du gaur egun lan ordaindua izateak ez duela integrazio soziala bermatzen. Foessaren arabera, gizarte-inklusioan egoera hobetu da, baina ezegonkortasuna handitu. Gizarte integrazio maila gaur egun ahulagoa da eta gero eta gehiago, etxebizitza, enplegua edota osasuna moduko faktoreen menpe dago.