argia.eus
INPRIMATU
Giza trafikatzaileean eskuetan amaitzeko arriskua handitu du pandemiak
  • Emakumeak dira giza trafikoaren biktima nagusiak eta hamabost urtean hirukoiztu egin da ume esplotatuen kopurua. Neskak batez ere helburu sexualetarako esplotatzen dituzte eta mutikoak lan behartuetarako. Milaka eta milaka herritar atzematen dituen praktika honen arriskua areagotu egin du pandemiak, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 02a
Irudiaren egilea: Noorulhuda Nadheer

Txostena kaleratu du NBEk, pertsonen salerosketari buruzko datu eguneratuekin. 2018an, 148 herrialdetan giza trafikoaren 50.000 biktima identifikatu zituztela dio txostenak, baina egiazko kopurua askoz handiagoa dela, ezkutuan mantentzen den errealitatea baita. Sexua eta lan behartuak bakarrik ez, eskean aritzea, ezkontza behartuak, delituren bat egitera derrigortzea edota organoak kentzea ere badaude giza trafikoaren asmoen atzean.

Delitu hauengatik harrapatu eta kondenatu dituzten gehienak gizonak dira. Aldiz, biktimen artean emakumeak dira gehienak, eta sexu esplotaziora bideratzen dituzte nagusiki. Biktima diren adin txikiko mutikoen kopurua boskoiztu egin da hamabost urtean.

Txostenean azpimarratu dute teknologia berriak ere integratu dituztela delitugileek: bai biktimak atzemateko (sare sozialen bidez, esaterako), bai ondoren esplotatzeko ere.

Pertsonen salerosketa COVID19 garaian

Trafikatzaileen jomuga pertsona zaurgarrienak dira, migratzaileak edo lanik gabe daudenak kasu. Horregatik, COVID19aren krisiak eskolarik, lanik, laguntza sozialik gabe jende andana utzi duen garaiotan, giza trafikoaren atzaparretan erori daitezkeenen kopurua handitu egin dela dio txostenak.