argia.eus
INPRIMATU
Giza Liburutegiak LGTBI+ pertsonen testigantzak ekarriko ditu Nafarroako sei herritara
  • Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei herritan, Giza Liburutegiak programari esker.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko ekainaren 10
Nafarroako Gobernua

Proiektu honetan, pertsonak dira liburuak, eta haien esperientziak dira narrazioa. Bizipen horiek entzuteaz gain, aurrez aurre elkartu eta solastatu dezakete liburutegiko erabiltzaileek, ordu erdi inguruz. Pasa den martxoan, arrazakeriari eta migrazioari lotutako lekukotzek izan zuten protagonismoa, eta ekainean, LGTBIfobiaren Nazioarteko Eguna pasa berritan eta LGTBI+ Harrotasun Egunaren bueltan, kolektibo horri lotutako pertsonen testigantzek hartuko dituzte liburutegiak.

Zer kontatua duten lagunen historiak zuzenean entzunez, ekimenaren helburua da elkarrizketaren bidez elkarbizitza sustatzea eta diskriminazioari aurre egitea, baita aurreiritzi eta estereotipoak zalantzan jartzea ere, tolerantzia eta errespetua oinarri izanda.

Saioak sei herritako liburutegietara iritsiko dira: Burlata (ekainaren 6an), Etxarri Aranaz (ekainaren 12an), Erriberri (ekainaren 17an), Irurtzun (ekainaren 18an) eta Tafalla (ekainaren 26an).

"Ordura arte neska zela ikusten ez nuenez, asko sufritu zuen eta hainbat estrategia erabili behar izan zituen nire begirada aldarazteko"

“Jazarpenak markatu zuen nire ikaskuntza”

Beren esperientzia kontatzen parte hartuko dutenen artean da Ana: “Bollera bezala, hasieran erraza izan ez zen bide bat egin dut, baina bizipen zoragarriak ekarri dizkidana”. Henry-k ere emango du bere bizipenen berri: nikaraguar erbesteratua da, eta bere hitzetan, LGTBI+ identitatea oraindik oso gai zaurgarria da Nikaraguan. “Isilik daudenen ahotsa gara”.

Naizen elkarteko Edurnek ere badu zer esana: “Nire alabak 3 urte zituelarik erakutsi zidan nor zen. Ordura arte neska zela ikusten ez nuenez, asko sufritu zuen eta hainbat estrategia erabili behar izan zituen nire begirada aldarazteko”.

Das-ek haurtzaroan genero-identitateagatik jasan zuen bullyingaren esperientzia ekarri nahi du liburutegira. “Garrantzitsua izan daiteke irudi helduetatik haurrei modu positiboan laguntzea. Nire kasuan, alderdi hori ez zen egon eta modu autonomoan bizi behar izan nuen. Horrek markatu zuen nire ikaskuntza”.