argia.eus
INPRIMATU
Giza katea igandean, erraustegia itxi eta Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetzeko
  • Zubietako erraustegia itxi eta Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetzea eskatzeko giza katea deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak eragile gehiagoren babesarekin, azken urteotan bezalaxe, igandean, irailaren 14an Donostiako Kontxan.

Usurbilgo Noaua @noaua 2025eko irailaren 11

Azken urteon antzera, mobilizatzera deitu du aurtengoan ere Errausketaren Aurkako Mugimenduak igande honetan, irailaren 14an, Kontxako Bandera jokoan izango den bigarren eta azken jardunaldiaren eremuan; Donostiako badian hain zuzen. Goizeko 11:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik Kontxako hondartzarantz, estropadak jokatzen hasiko diren unean hain zuzen.

Zubietako erraustegia itxi eta Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetzea eskatzea izango du xede nagusi, aipatu herri mugimenduak eragile gehiagoren babesarekin batera antolaturiko giza kateak.

Mobilizazioa gaur aurkeztu dute, irailaren 10ean, lau egun barru ekimena hasiko den gune berean; Alderdi Ederretik Kontxako hondartzara jaisteko arrapala hasieran.

Hona hemen, igandeko giza katera begira plazaratu duten adierazpena osorik:

Gipuzkoan (batzuk) birziklatzen dugu, erraustegia itxi ezazue!
Errausketaren Aurkako Mugimenduak giza katea antolatu du irailaren 14an Kontxako hondartzan zehar, goizeko 11:00etan Alderdi Ederretik hasita. Mobilizazio honekin eskatuko dugu itxi dezatela Zubietako erraustegia, itxi dezatela beharrezkoa ez den erraustegi garesti eta kutsatzailea; eta Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetu dezatela herri guztietan.

Duela aste batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Diputatua, Jose Ignacio Asensio, komunikabideetan azaldu zen hondakinen kudeaketari buruz hitz egiteko. Bere esanetan, Gipuzkoak betetzen du Hondakinen Legeak 2025erako ezartzen duen helburua: %55a gaika biltzea. Gainera, azken urteetako bilakaera ikusita Gipuzkoako gaikako bilketa goia jotzeko puntuan omen dago.

Adierazpen hauek oinarri hartuta Errausketaren Aurkako Mugimenduak hainbat zehaztapen egin nahi ditu. Asensiok eta berak ordezkatzen duen Foru Aldundiak nola har dezakete haien meritutzat Gipuzkoako gaikako bilketa! Foru Aldundiko gobernuan EAJ-PSE, Asensio barne, daude 2015az geroztik eta 9 urteetan gaikako bilketak %7a egin du gora. 2011-15 legealdiko urte bakarrean (EH Bildu), 2014tik 2015era, gaikako bilketa %6a igo zen. Aurpegia behar du ia 10 urteetan erraustegi garesti eta kutsatzailea eraiki besterik egin ez duenak, gaikako bilketaren domina jarri nahi izateko: urteko bataz bestekoa ez da %1era heltzen. Eta beraien porrota disimulatzeko kafe kapsulen bilketa %27ra igo dela esan dute.

Bestetik, Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketak ia goia jo omen du, Asensiok dionez. Nola esan dezake gizon honek honelako gezurrik, berak aitortzen duenean hainbat herritan beheranzko joera antzeman dela azkenaldian, eta badirela gaikako bilketa asko hobetu dezaketen mankomunitateak.

Konparazioak egitea ez omen da ona, baina nahi eta ez azaldu behar da nor ari den eta zertan. Beti ere Foru Aldundiko 2024ko datu ofizialetan oinarrituz, Sasietan %76,08 gaika bildu da eta San Markon %49,68. San Marko Mankomunitateko herrien artean, Hernanin %77,04 bildu da gaika eta Donostian %41,58. Donostiak bezala EAJko alkatea eta Gobernu Batzordean PSEk parte hartzen duen Beasainen %77a biltzen da gaika. PSEko alkatetza duen Irunen %51 biltzen da gaika eta alderdi bereko alkatea duen Zumarragan %71.

Nola esan dezakezu; Asensio jauna, goia jotzeko puntuan gaudela? Donostiak, Irunek, Eibarrek, Elgoibarrek, Hondarribiak... guztiek gaikako bilketa %50 inguruan edo baxuago dutenek, Beasain, Bergara, Zumarraga, Hernani mailara helduko balira 15 puntu baino gehiago egingo luke gora gaikako bilketak Gipuzkoan.

Baina hemen beste arazo bat agertuko litzateke; gaur egungo errefusa erretzeko Donostiako erraustegiak dituen bi labeetatik bakarra nahikoa da, eta herri hauek denak gaikako bilketa behar bezala egiten duten egunean are eta ageriago geratuko da Gipuzkoak ez dela erraustegirik behar. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EAJ eta PSEko agintariek hondakinen inguruan "greenwashing" merkea egiten duten bitartean, Zubietako erraustegiak jarraitzen du gau eta egun inguruko izaki bizidun guztiak, lurzorua bera, landareak, animaliak eta bertan bizi garen gizakiok pozoitzen.

Hondakinak birziklatu, ez erre
Donostiak ere Hondakinen Legea bete dezala
Erraustegia gelditu
Ez, ez, ez! Errausketarik ez!

Babesten dute: ELA, ESK, LAB, STEILAS, CCOO, EHBildu, Ezker Anitza, Eguzki, Ekologistak Martxan, Donostia Bizirik